Durangoko eta Gasteizko gas azpiegituretan metano ihesak aurkitu ditu Ekologistak Martxan taldeak

Gasteizko zentroan «isurketa jarraituak eta emari handikoak» aurkitu dituzte, eta Durangokoan haizatze hotzaren jarduera erabiltzen dela ondorioztatu dute.

Metano ihesa Gasteizko Enagasen garraio zentro bateko balbuletatik. EKOLGISTAK MARTXAN
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 4a
13:15
Entzun

Ekologistak Martxan taldeko kide Marina Gros-en erranetan, bi motatako ihesak daude gas azpiegituretan: enpresek nahita egiten dituztenak eta nahi gabe agertzen direnak. Taldeak egin duen ikerketan ikusi du Euskal Herrian bi motatakoak daudela, Durangon (Bizkaia) eta Gasteizen.

Haizatze hotzaren teknikaren bidez, erraterako, enpresak propio egiten ditu metano isuriak. Teknika hori Durangoko (Bizkaia) transmisio zentroan erabiltzen dela egiaztatu du Ekologistak Martxan taldeak. Sistemetako presioa arintzeko erabiltzen da haizatze hotza. Halakoetan sistemaren presioak gora egiten duenean, «metanoa zuzenean atmosferara» askatzen da, Grosek azaldu duenez. Nahita egindako bertze mekanismo bat, berriz, sistemaren presioak gora egitean gasa erreta askatzean datza, CO2 moduan. Kutsagarria da, baina metanoa CO2a baino «84 eta 87 aldiz bortitzagoa» denez, «ez da hain kalte handia», Ekologistak Martxan taldearen arabera.

Nahi gabeko ihesak, adibidez, «balbula edo uztai batek ongi funtzionatzen ez duenean edo zerbaitek zulo bat duenean» gertatzen dira, Grosek azaldu duenez. «Hori egunero aurkitzen dugu», gehitu du. Gasteizko transmisio zentroan, erraterako, «isurketa jarraituak eta emari handikoak» aurkitu dituzte, «hamabost ihesetatik datozenak: balbulak, hodiak, neurgailuak...». Egoera «bereziki kezkagarria» dela adierazi du Ekologistak Martxan taldeak.

Taldeak nabarmendu du ez dagoela «behar bezala araututa» metanoak zer kutsadura eragiten duen gasaren sektorean, eta «neurriak» hartu behar direla «gas naturalaren garraioan emisioak eteteko». Hala, adierazi du badirela konponbide «erraz eta eraginkorrak» isurketak murrizteko. Taldearentzat, «erregai fosilak ahalik eta lasterrena uztea» da egokiena, ez baita «zero arriskuko» egoerarik existitzen. Hala ere, debekatuta egon beharko luketen jarduerak –haizatze hotza, adibidez– ezartzeko eta zigortzeko legediaren beharra ere aipatu du.

Ikerketa

2022ko uztailean hasi zen Ekologistak Martxan taldea metano ihesak bilatzen. «Kamera termiko bat erabili dugu gasaren mugimendua ikusteko; horrela ikus dezakegu non dagoen ihesa», azaldu du Grosek. Hala, taldeak Euskal Herritik gasa garraiatzeko sistema zeharkatu zuen, eta Errioxa, Gaztela eta Leon, Kantabria eta Asturias ere bisitatu zituen. Orotara, 21 azpiegituratan ibili da taldea, eta horietatik hamarretan metano isuriak atzeman ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.