Ikasle mugimendua

IAk grebara deitu ditu bigarren hezkuntzako ikasleak urriaren 27rako

EAEko Hezkuntza Legearen eta erreformen kontra eta langile klasearen interesen alde antolatzeko deia egin dute, eta mobilizazioak egingo dituzte Hegoaldeko lau hiriburuetan.

Agerraldia egin zuten atzo Eusko Legebiltzarraren aurrean. BERRIA
2022ko urriaren 5a
12:59
Entzun

Ikasle Abertzaleek grebara deitu dituzte Hegoaldeko bigarren hezkuntzako ikasleak urriaren 27rako. Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian egingo dituzte mobilizazioak. Uste dute Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den Hezkuntza Legea «elite ekonomikoek bideratutako eta politikari profesionalek gauzatutako» adibidea dela. Segregazioan sakontzen duelakoan daude, eta modu «inposatzaile» batean egindako prozesu bat dela salatu dute. «Aldaketon ondorioz, are sakonagoak izango dira heziketaren desegitea, segregazioa, hezkuntzaren burokratizazioa eta inposizioa», IAren ustez.

Inposatzailea dela adierazi dute. «Politikoki oso ezberdinak omen diren lau alderdi parlamentario nagusiak berehala ados jarri dira aipatu ditugun aldaketak inposatzeko. Hezkuntza komunitatea osatzen duten beste sektore batzuk, berriz, guztiz baztertuta gelditu dira». Sindikatuen jarrera ere kritikatu dute, Hezkuntza Legeari kritikarik egin ez diotelakoan, langile asko «ados ez» egonda ere. «Progresismoaren izenean, argi gelditu da politikariek hezkuntzaren gainean duten interesa komuna dela. Argi gelditu da, era berean, interes horiek proletariotzaren interesei kontrajarriak direla». Horrenbestez, doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala defendatzera deitu dute, «politikarien iruzurretik at, Hezkuntza Legearen eta erreformen aurrean langile klasearen interesen defentsan antolatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.