Osasungintza

Osasun publikoaren lege egitasmoari «gabeziak» ikusi dizkiote EH Bilduk eta EP-IUk

Osasuna «politika publiko guztien» oinarrian jarri nahi dutela azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk esan dute lan egingo dutela Eusko Legebiltzarrean Osasun Publikoaren Lege egitasmoa «hobetzeko».

Gotzone Sagardui sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 5a
13:05
Entzun

«Gabeziak» sumatu dizkiote, eta «hobetzen» saiatuko dira. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek uste dute funtsezkoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun publikoaren lege bat izatea, baina ez dute erabat babesten Eusko Jaurlaritzak ondu duen proiektua. Gaur ekin diote Osasun Publikoaren Lege egitasmoa Eusko Legebiltzarrean tramitazioari, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu goizean batzordean. Haren azalpenak entzun ostean, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak «zalantzak» agertu ditu lege proiektuari buruz, eta Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUkoak hainbat «gabezia» atzeman ditu. Lege egitasmoaren inguruan jarrera kritikoa agertu dute bi taldeek, baina akordiorako atea ez dute itxi; lege egitasmoa «hobetzeko» ekarpenak egingo dizkiotela iragarri dute biek ala biek. PPren ordezkariak, berriz, ezin izan du gaurko batzordean parte hartu.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak batzordean azaldu duenez, legearen bitartez osasun sistematik haratago zabaldu nahi dute osasun publikoaren kudeaketa, gizartearen premiei «erantzun eraginkorra eta integrala» emateko. Azken 25 urteetan osasun publikoaren kontzeptuak izandako bilakaerari eta COVID-19aren pandemiaren ondorioei erantzuteko tresna izan nahi du legeak. Osasuna osasungintzaren esparrutik haratago ulertzeko beharra azpimarratu du Sagarduik, osasun larrialdiei erantzuteko eta osasun publikoko aferak tratatzeko. Bi helburu nagusi ditu legeak, sailburuak azaldu duenez. Batetik, osasuna «politika publiko guztietan» presente egotea, «euskal herritarren osasuna, interes goreneko ondasun publiko gisa, ahalik eta maila gorenean babesteko eta sustatzeko». Eta, bestetik, osasun arloko ezberdintasunak murrizteko lan egitea, pertsonen «aukera berdintasuna eta ekitatea» bermatuz.

Lege egitasmoak osasun publikoko sistemaren funtzio eta jarduera nagusiak definitzen ditu, 96 artikuluren bitartez. Funtzio horietako batzuk hauek dira: osasun arazoak prebenitzeko jarduerak, diru laguntzak, zerbitzuak eta programak zehaztea, eskola eta lan osasuna bermatzea, osasun publikoaren arloko ezagutza kudeatzea eta herritarren osasuna babesten eta hobetzen duten legeak eta araudiak sustatzea.

Bi organo berri sortzea aurreikusten du lege proiektuak, halaber. Batetik, Osasun Publikoaren Erakunde Arteko Batzordea: Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta udaletako ordezkarien koordinaziorako gunea izango litzateke, eta lankidetzarako eta partaidetzarako organo gorena izango litzateke osasun publikoko jardueretan. Bestetik, Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua legoke: «gizarte zibilaren» partaidetzarako organo gorena litzateke, eta aholkulari funtzioa izango luke. Arlo ugaritako gizarte eragileen presentzia izango luke: unibertsitateak, Emakunde, gobernuz kanpoko erakundeak, Osakidetza, kontsumitzaileen elkarteak, pentsiodunen elkarteak...

Oposizioa, kritiko
Legebiltzar taldeen txandan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk hainbat kritika egin dizkiote lege egitasmoari. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, proiektuaren edukiari erreparatuta ez dago argi zer arautu nahi duen, osasun publikoa ala osasun publikoaren zerbitzuak. Alde horretatik, «nahasgarria» dela eta «koherentzia» falta duela salatu du Uberak. «Zalantzak sortzen dizkigu». Gabeziak ere sumatu dizkio EH Bilduk testuari: «Osasunaz hitz egiten duenean, gaixotasunez hitz egiten du, baina ez osasuna eraikitzeaz, arlo soziosanitarioaz edota zaintzaz. Horren falta sumatu dugu». Legearen inguruko beste «kezka» batzuk ere agertu ditu Uberak; besteak beste, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren alde egiten duela «publikoa lehenetsi beharrean», eta osasun publikoko egituran aldaketarik ez duela aurreikusten. Halaber, salatu du testuan ez dela txertatu ikuspuntu feminista eta ekologistarik.

Lege egitasmoa «orokorregia» dela salatu du Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Iñigo Martinez Zatonek. Gainera, salatu du ez duela jasotzen osasun arretan «ekitatea» lortzeko neurri nahikorik, eta ez duela finkatzen nola bermatuko diren eskubide berdintasunak osasun publikorako sarbidean. Gabezia gehiago sumatu dizkio taldeak arauari: besteak beste, osasun komunitarioan urrats nahikorik ez duela egiten, Osakidetzako profesionalen lan baldintzei buruz ez duela aipamenik egiten, eta genero ikuspegia ez duela behar bezala txertatzen. Nolanahi ere, Martinezek iragarri du bere taldeak jarrera «eraikitzailea» izango duela eta egitasmoa «hobetzeko» lan egingo duela.

Lege egitasmoari erabateko babesa agertu diote gobernuko bi bazkideek. Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak esan du hobekuntzak egiteko prest daudela, betiere ikuspegi «eraikitzaile batetik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.