Katalunia

Kataluniako berrehun udalerri daude amnistiaren eta autodeterminazioaren alde

Hirurehun erakundek eman diote babesa Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialari, tartean alderdi politiko independentistak, zenbait sindikatu eta ikasle antolakunde.

Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialaren prentsaurrekoa, gaur, Bartzelonan. INTERSINDICAL
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 5a
16:25
Entzun

Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialak Kataluniako hirurehun erakunderen eta berrehun udalerriren babesa jaso du. Tartean dira alderdi independentista nagusiak – ERC Esquerra Republicana, JxC Junts Per Catalunya eta CUP–, Omnium Cultural, USTEC eta CGT sindikatuak, eta Bartzelonako eta Gironako merkataritza ganberak, eta hainbat ikasle antolakunde, besteak beste. Udalerriei dagokienez, Girona, Tortosa (Tarragona) eta Arenys de Mar (Bartzelona) dira autodeterminazioaren eta amnistiaren alde egin duten berrehun udalerrietako hiru.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia, David Fernandez CUPeko parlamentari ohia eta Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilari ohia dira Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialaren bultzatzaileetako batzuk. Iazko udan hasi ziren elkartzen, eta apirilean plazaratu zuten Akordio Sozialaren manifestua, Kataluniako gatazka politikoarentzako irtenbide bat proposatu nahian. Bi ardatz ditu manifestuak: amnistia eta autodeterminazio eskubidea. «Errepresaliatu, auzipetu eta erbesteratu guztientzako irtenbidea» da amnistia, Akordio Sozialarentzat. Autodeterminazioa, berriz, «gatazka politikoaren irtenbide demokratiko» moduan ulertzen dute.

Gaur egin duten prentsaurrekoan, babesa eman dieten erakundeak eta udalerriak aipatzeaz gain, babestu ez dituztenez ere jardun dute. ANCren babesa ez du jaso manifestuak, baina David Fernandezek adierazi du Diadaren eta urriaren 1eko ekitaldien antolakuntzan «murgilduta» zeudelako izan dela. CCOO eta UGT sindikatuek ere ez dute Akordio Sozialarekin bat egin. «Ez zuten argi», azaldu du Fernandezek.

Bartzelonako Udala helburu

Akordio Sozialekoen helburu nagusia Bartzelonako Udalaren babesa jasotzea da. Urriaren 29an bozkatuko dute udaleko indarrek manifestuarekin bat egitearen inguruan. En Comu Podem alderdiak «baietz bozkatuko duela edo abstenituko dela» uste du Fernandezek. Oraingoz berrehun udalerriren babesa jaso dute, baina zortziehun udalerrik manifestuarekin bat egitea da Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialaren helburua, Kataluniako herrien %80k, hain zuzen.

Erakunde eta udalerriekin izandako bileren ondorioak bilduko dituen txosten bat argitaratuko dute abenduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.