Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Egiturazko neurriak sustatzeko hitzarmen bat proposatu du EH Bilduk

Ongizate Hitzarmenak hamar neurri jaso ditu: bost «ongizatearen oinarri materialak bermatzeko» eta beste horrenbeste aberastasuna banatzeko.

Ongizate Hitzarmenaren aurkezpena.
Ongizate Hitzarmenaren aurkezpena. EH Bildu Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko urriak 5

«Garaia da eztabaida ekonomiko handi bat irekitzeko, gure historia modernoan aurrekaririk ez daukan eztabaida bat». Hala azaldu du EH Bilduko Programa zuzendari Pello Otxandianok. Koalizio subiranistak hamar puntuko Ongizate Hitzarmena aurkeztu du Donostian, zerbitzu publikoen «degradazioari» eta desparekotasun sozialen gorakadari aurre egiteko. Aurkezpenean, «gizarte itun handi baten» alde egin dute: «Errenta itun espainiarren aurrean, ongizate itun handi bat Euskal Herrian».

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik egungo egoeraren irakurketa orokor bat egin du, Ukrainako gerraren ondorioei, joera autoritario eta neofaxisten gorakadari, eta «atarian» dagoen errezesio ekonomikoari erreferentzia eginda. «Gerra gelditu, aberastasuna banatu eta burujabetza defendatu», borobildu du. Izan ere, «eskema zaharrak» atzean utzi eta erronka berriei erantzuteko egiturazko neurriak hartzeko garaia dela uste du Otegik: «Neurri aringarriak bai, baina berandu goaz neurri estrukturalei dagokienez».

«Mundu berri baterantz goaz», gehitu du Otxandianok, «baliabide ekonomikoak urriak izango diren» garai baterantz. EH Bilduko kideak uste du Euskal Herria ez doala «bide onetik» erronka berriei erantzuteko, eta begirada lau arlotan jarri du: egitura demografikoa, erabakimen ekonomiko falta, eta energia eta elikagai krisiak. Hala, «eztabaida ekonomiko bat» irekitzeko garaia dela azaldu du, hiru ardatz hartuta: «baliabide urriko eta karbono gutxiko ekonomia batean» ekoitzi beharrekoa, aberastasunaren birbanaketa politikak eta inbertsio politikak. «Lehentasunak birdefinitu behar dira. Garapen eredua egokitzera behartuta gaude».

EH Bilduk aurkeztutako neurriak luze gabe egingarriak direla uste du Otxandianok, baina azaldu du horretarako borondate politikoa behar dela: «Erantzukizun partekatu bat eskatzen digu eragile guztiei». Izan ere, adierazi du alderdi politiko eta instituzioek soilik ez, enpresek, sindikatuek eta bestelako eragileek ere parte hartu behar dutela, eta bide horretan eragile ekonomiko eta sozialekin hitz egingo dutela esan Otxandianok.

Proposamenean jasotako neurrietako bost «ongizatearen oinarri materialak bermatzera» zuzenduta daudela azaldu du Otxandianok. Horien artean, energia «prezio justuan» lortzeko helburua nabarmendu dute; besteak beste, energia enpresa handien irabaziak zergapetuz, eta norbanako, enpresa txiki eta autonomoentzat laguntzak ezarriz. Horrez gain, baliabide ekonomikoak etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzera bideratzea eta energia berriztagarrien azpiegituren jabego eredu publiko-komunitarioa garatzea ere jaso ditu hitzarmenak.

Zerbitzu publikoei dagokienez, hezkuntza, osasungintza eta garraioa dira ardatzetako batzuk. Hezkuntzaren alorrean, proposatu dute 24.000 eurotik beherako errententzat 0-3 zerbitzua doakoa izatea, eta bekak eta laguntzak areagotzea. Era berean, EH Bilduk adierazi du EAEko Hezkuntza lege berria «Euskal Hezkuntza Sistema Propiorako trantsizioa» egiteko erabili behar dela. Osakidetzari eta Osasunbideari dagokionez, behin-behinekotasuna %8ra murriztea proposatu du. Garraio publikoan, berriz, 12 urtetik beherakoei, ikasleei, langabeei eta diru sarrera bermatzeko errenta jasotzen dutenei zerbitzua doan ematea.

Etxebizitzaren arloan, Espainiako Etxebizitza Legearen inguruko eztabaidan fronte komun bat adostearen alde egin du, etxebizitza «eskubide gisa» uler dadin. Hala, jabego publikoko alokairuko etxebizitza parkea handitzea, alokairuen prezioa mugatzea, hipoteken igoerari «sabaia jartzea» eta alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatzea jarri ditu helburu gisa.

Ongizatea bermatzeko neurri sortaren barruan aipatu dute soldaten eta pentsioen igoera ere, KPI kontsumo prezioen indizearen gorakadaren eraginei aurre egiteko. Batetik, «soldaten debaluazioari buelta emateko» akordio interprofesionalak jorratzea proposatu du koalizioak; bestetik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ezartzea, eta haiek KPIaren arabera igotzea.

Banaketa «arduratsua»

Aberastasuna banatzeko neurriek ere bost ardatz nagusi dituzte. Koalizio subiranistak «zerga sistema justu eta progresibo bat» du helburu, eta horretarako erreforma fiskal bat egitearen aldekoa da; besteak beste, Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zerga bat ezartzeko, zerga guztien eskumenak Hego Euskal Herriko instituzioen esku egoteko eta PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zenbait neurri berri txertatzeko. Azken horren kasuan, 1.200 euroko diru laguntzak ezarriko lituzke 20.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenentzat, eta errekargu progresibo bat 60.000 eurotik gorako sarrerak dituztenentzat.

Erreformarekin batera, enpresen irabazien banaketa «arduratsu eta eraginkor baterako akordio interprofesional bat» bultzatzea proposatu du, langileen soldatak eta enpresaren inbertsio beharrak kontuan hartuko dituena. Hala, EH Bilduk «Euskal Enpresa Eredua» sustatu nahi du: «kanpoko kapitalari saltzen ez dena», «langileen parte hartzea sustatzen duena» eta «Euskal Herriaren garapen endogenoarekin konprometitzen dena».

Erakunde publikoen inbertsio politiketan, berriz, lehentasun berriak ezarri behar direla uste du koalizioak: elikadura, klima larrialdia, industriaren eraldaketa, trantsizio energetikoa eta zerbitzu publikoak. Kontrara, AHTaren obrak baztertu behar direla uste du, haien kostu handia dela eta. Izan ere, Otxandianok adierazi du euskal Y-a osatzeko lanetan oraindik 5.000 milioi euro inguru falta direla gastatzeko.

Koalizioak 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko negoziatzera ere deitu ditu Hego Euskal Herriko gobernuak, eta diru sarrerak bermatzeko eta inklusiorako sistemaren erreforma eskatu du. Erronka demografikoari eta haur pobreziari aurre egiteko, berriz, hileko 200 euroko diru laguntza ezartzea babestu du, haurrek 18 urte egin arte jasoko litzatekeena.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

EH Baiko zuzendaritza berria, Baionan ©EH Bai

Euskal Herri burujabea helburu, lurralde elkargo berezia aldarrikatuko du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

2022-2026 aldirako bide orri politikoa onartu eta ondoko urteetarako zuzendaritza berria hautatu dute ezkerreko mugimendu abertzaleko kideek. «Karrikan eta instituzioetan borrokatzeko» borondatea erakutsi dute, eta EH Bildureko duten hitzarmen estrategikoa «indartu eta berrituko» dutela erran dute.

KEM talde antimilitaristaren ekintza, Bilboko koartelean. ©BERRIA

«Kuartela auzoarena izan arte!»

Imanol Magro Eizmendi

Hiru igeltsero antimilitaristak Bilboko Juan de Garay kuartel militarra eraisteko lanekin jarraitu dute. 6.500 metro koadroko orubea Iralako auzotarren esku gelditu dadin egin dute lan. Ertzaintzak kalteak eragitea leporatu die.

Foro Sozialak antolatutako mahai inguruko partehartzaileak, herenegun, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Aitortzarako bide bat» zabaldu du Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak

Julen Aperribai

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeko presidente Juana Balmasedak biktima horien aitortzan batzordeak egindakoa goretsi du. Lan hori trabatzeko mekanismoak martxan direla ohartarazi du.

EH Baiko kideak, uztailean, kongresuaren aurkezpenean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Ezkerreko abertzale guziak biltzeko gai izan nahi du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

Bihar eginen du lehen kongresua ezkerreko abertzaleen mugimenduak, eta ondoko urteetarako bide orri politikoa bozkatuko dute. «Parte hartze handia» nabarmendu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iosu Alberdi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.