DIPLOMAZIA

Salomon Uharteetako lehen ministroak esan du herrialdeak ez duela «inoiz» atzerriko base militarrik onartuko

Australiako lehen ministro Anthony Albanesekin batzartu da Manaseeh Sogavare, Canberran. «Bakearen aldeko konpromisoa» berretsi dute.

Salomon Uharteetako lehen ministro Manaseeh Sogavare eta Anthony Albanes Australiakoa, Canberran egindako batzarrean. LUKAS COCH / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 6a
13:01
Entzun

Manasseh Sogavare Salomon Uharteetako lehen ministroak beste behin esan du herrialdeak ez duela «inoiz» atzerriko base militarrik onartuko. «Ez dugu egingo gure segurtasun nazionala ahulduko duen eta Pazifikoko uharteetako herrialde baten edo guztien segurtasuna arriskuan jarriko duen ezer. Izan ere, hori ez da Salomon Uharteen intereserako», berretsi du Sogavarek, Anthony Albanese Australiako lehen ministroarekin batzartu aurretik ABC Australiako kate publikoari egindako adierazpenetan. Canberra hiriburuan egin dute bilkura.

Ohar labur batean, Albanesek eta Sogavarek azpimarratu dituzte, besteak beste, «bakearen aldeko konpromisoa» eta Australiak klima krisiaren aurka hartu duen jarrera, Ozeano Bareko uharteetako nazioen eskakizun nagusietako bat baita.

Irailean, Sogavarek Salomon Uharteetako barne auzietan «esku hartzea» egotzi zion Australiari, Canberrak bere burua eskaini zuelako uhartediak 2023ko azaroan egin behar zituen hauteskundeak finantzatzeko. Sogavarek 2024ko hasierara arte atzeratu nahi zituen bozak, argudiatuta herrialdeak Pazifikoko Jokoak hartuko dituela 2023ko azarotik abendura bitartean, eta gobernuak ez duela aldi berean hauteskundeak antolatzeko baliabiderik. Bozen atzerapenak haserrarazi egin zuen oposizioa, Sogavareri aukera ematen diolako boterean luzaroago egoteko, baina lehen ministroak data aldatzea lortu du azkenean.

Ameriketako Estatu Batuek eta Ozeano Bareko hamabi estatuk lankidetza adierazpen bat sinatu eta astebetera izan da, hain zuzen, Albanesen eta Sogavaren arteko batzarra. Washingtonen helburua argia zen: estatu horiekin harremanak estutzea, eta AEBen interesak defendatzea. Salomon Uharteek, baina, uko egin zioten Etxe Zuriak proposatu zuen akordio diplomatikoa sinatzeari. Pazifikoko zenbait herrialdek salatu zuten AEBek eskainitako laguntza ekonomikoa ez zela nahikoa.

Txinarekin bai, href="https://www.berria.eus/paperekoa/1834/014/001/2022-04-20/txinaren-eta-salomon-uharteen-arteko-itunak-ez-du-beste-alderik-jomugan.htm">ituna sinatu zuten Salomon Uharteek apirilean, eta akordioak Australiaren, AEBen eta Zeelanda Berriaren kritikak eragin zituen, Pazifikoko egonkortasuna «arriskuan» jarriko zuela iritzita, baita Asiako erraldoiak eremu horretan duen eragina handitzeak tentsioa eragingo zuela argudiatuta ere. Akordio horrek bide emango dio Salomon Uharteen eta Txinaren arteko lankidetzari, besteak beste, uhartediko «ordena sozialari eusteko, herritarren segurtasuna bermatzeko, laguntza emateko eta hondamendi naturalei aurre egiteko». Itun horrek, ordea, mesfidantza eragin du Asia-Pazifikoan, eta Quad aliantzak —AEBek, Japoniak, Indiak eta Australiak osatzen dute— Txinari leporatu izan diote «Indo-Pazifikoan bereziki» statu quo-a «indarrez» aldatu nahi izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.