Bi ontzi hondoratu ziren atzo gauean Egeo itsasoan, eta gutxienez hemezortzi migratzaile hil ziren. Greziako kostazainen arabera, lehen ontzia 21:00 aldera hasi zen hondoratzen, Kizera uhartetik itsas milia batera, eta laurogei etorkin erreskatatu zituzten. Lehen informazioaren arabera, ordea, txalupak 95 lagun zeramatzan. Hiru gorpu topatu zituzten.
Bigarren ontzia, berriz, Lesbos uhartetik gertu hondoratu zen, eta berrogei etorkin zeuden txalupa hartan. Agintariek hamabost hildako zenbatu dituzte orain arte. Era berean, bederatzi migratzaile erreskatatu zituzten, eta beste hamasei lagunen bila ari dira, Ethnos egunkariak jakinarazi duenez.
Turkiari deia
Notis Mitarakis Greziako Migrazio ministroak «premiazko deia» egin dio Turkiari, «berehalako neurriak» har ditzan migrazio fluxua geldiarazteko, «Egeo itsasoan baldintza meteorologiko txarrak dauden honetan».
«Bizitza gehiegi galdu dira Egeo itsasoan. Jendea nabigatzeko egokiak ez diren ontzietan itota hiltzen ari da», nabarmendu du Mitarakisek, eta, aldi berean, neurriak hartzeko galdegin dio Europako Batasunari.
IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak emandako datuen arabera, orotara 2.100 errefuxiatu inguru hil dira Egeo itsasoan 2014tik.