Gerra Ukrainan

Leherketa handi batek Errusia eta Krimea lotzen dituen zubia hondatu du

Zer gertatu den ikertzeko eskatu du Putinek. Ukrainak txalotu egin du gertatutakoa.

Leherketaren osteko irudi bat. BERRIA
jon ordonez garmendia
2022ko urriaren 8a
11:17
Entzun

Kalte larriak jasan ditu gaur goizaldean Errusia eta Krimeako penintsula lotzen dituen Kertx zubiak. Errusiako agintarien arabera, kamioi batek eztanda egin du, eta, horren ondotik, erregaia zeraman tren bateko zazpi bagoi lehertu dira. Krimeako Gobernuak ez du zehaztu zerk eragin duen kamioiaren leherketa, baina Krimeako Estatu Kontseiluko presidenteak, Vladimir Konstantinovek, Ukrainari leporatu dio gertatutakoa.

Ez da inor hil, baina Krimeako zubiaren bi zati erori dira, eta errepidea moztuta geratu da. Itsasontzi bat jarri dute herritarrek Kertxeko itsasartea zeharkatu dezaten. Zubia azpiegitura garrantzitsua da Errusiarentzat Ukraina hegoaldean dituen soldaduak hornitzeko. Hemeretzi kilometro da luze, eta autobide bat eta trenbide bat dauzka. Errusiak Krimeako penintsula bereganatu ondoren, Vladimir Putinek 2018an inauguratu zuen.

Krimeako Trenbidearen prentsa bulegoak jakinarazi du erregaia zeramaten zazpi bagoiek tren baten azkenak zirela, eta Krimearantz zeramatela. Putinek ikerketa bat agindu du zer gertatu den jakiteko, eta Alexander Kurenkov Larrialdietako ministroa eta Vitali Saveliev Garraio ministroa Kertxeko itsasartera joan dira.

Ukrainak ez du bere gain hartu oraingoz erasoa, baina Mijailo Podoliak Presidentetza aholkulariak txio batean, hondatutako zubiaren irudi baten ondoan idatzi du: «Krimea, zubia, hasiera». Ukrainako armadak txalotu egin du erasoa beste txio batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.