Gerra Ukrainan

Putinek ohartarazi du «modu oso bortitzean» erantzungo dietela Ukrainaren «ekintza terroristei»

Errusiak azken orduetan Ukrainan egindako bonbardaketen ondorioz gutxienez hamahiru lagun hil dira. Besteak beste, Kievi eta Lvivi ere eraso egin die Moskuk. Ukrainak laguntza militar handiagoa eskatu dio Mendebaldeari.  

Auto batzuk suntsituta, gaur, Kieven. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 9a
14:40
Entzun

Errusiako indarrek azken hilabeteotako erasoaldirik handiena egin dute azken orduetan Ukrainan, eta, esaterako, ekainaren amaieraz geroztik aurrenekoz, berriro bonbardatu dute Kiev hiriburuaren erdialdea. Ukrainako iturri ofizialen arabera, erasoaldiak kalte egin die herrialdeko dozena bat inguru azpiegiturari, eta gutxienez hamar pertsona hil dira eta 60 zauritu Errusiak jaurtitako bonben ondorioz. Joan den larunbatean Krimeako anexioaren ikur den zubiaren zati bat hondatu zuen leherketa batek, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak berak telebista bidez egin duen agerraldi batean ohartarazi du «modu oso bortitzean» erantzungo dutela baldin eta Errusiaren aurkako «ekintza terroristak» egiten badira. Ukrainak ez zuen bere gain hartu larunbateko erasoa, baina gertatutakoa ospatu zuen. Gaurko erasoen harira, laguntza militar handiagoa eskatu dio Mendebaldeari, eta Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak, besteak beste, berretsi dute babesa emango diotela. Mendebaldeak, bide batez, Errusiaren jarrera gaitzetsi du.

Ikusi gehiago: Krimeako anexioaren ikur den zubiaren zati bat hondatu dute

Krimeako penintsula eta Errusia lotzen dituen zubian larunbatean gertatutako eztanda eta gero, Errusiako indarrek Zaporizhia bonbardatu zuten atzo, eta erasoan hamazazpi zibil hil zituen, eta 40 zauritu. Ukraina hego-ekialdeko hiria gerra frontearen ia erdian zegoen azken asteetan ere; ez, ordea, Lviv eta Kiev, herrialdearen mendebaldean eta iparraldean, hurrenez hurren. Iturri ofizialek esan dutenez, hiriburuan bost pertsona hil dira gaur, eta 42 ospitaleratu behar izan dituzte. Ukrainako agintaritza militarraren arabera, azken orduetan 75 misil jaurti ditu Errusiak, eta horietako berrogei atzeman ditu. Denis Xmihal Ukrainako lehen ministroak adierazi du misil horiek 11 azpiegiturari kalte egin dietela herrialdeko zortzi oblastetan.

Putin bezala, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere herritarrei mintzatu zaie telebista bidez. Adierazi du Errusiaren erasoek bi helburu dituztela. Batetik, azpiegiturak: «Izua eta kaosa eragin nahi dituzte, eta gure energia sistema txikitu». Eta, bestetik, pertsonak: «Helburu horiek aukeratu dituzte ahalik eta min handiena egiteko». Telegramen idatzitako mezu batean, herritarrei eskatu zien babeslekuetara joateko, horietatik ez ateratzeko eta «eusteko». «[Gerrako] 229. egunean ari dira gu desagerrarazteko ahaleginean».

Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroa bira diplomatiko bat egiten ari zen Afrikan urriaren 3tik, baina eten egin du bidaia, Ukrainara itzultzeko. Bide batez, Mendebaldeko herrialdeei eskatu die aireko defentsa sistema gehiago emateko. Urrunago joan da Mikhailo Podoliak Zelenskiren aholkularia, eta hitz gutxiago eta arma gehiago eskatu ditu. «Errusia ez da gauza guda zelaian borrokatzeko, baina zibilak hiltzeko gai da. Hitzen ordez, aireko defentsa sistemak behar ditugu, irismen luzeagoko jaurtigailuak», idatzi du Twitterreko bere kontuan.

Bielorrusia da Errusiaren aliatuetako bat, eta hango presidente Aleksandr Lukaxenkok adierazi du agindu duela Bielorrusiako tropak Errusiakoekin batera hedatzea Ukrainako mugatik gertu, argudiatuta Kiev Bielorrusiaren aurkako erasoak «planifikatzen» ari dela. Peter Stano Europako Batzordearen Atzerri bozeramaileak «akusazio faltsuak, irrigarriak» egitea egotzi dio Lukaxenkori.

G7koen bilera

G7 taldekoak —munduko herrialderik industrializatuenak— egoeraz hitz egiteko «urgentziazko» bilera bat egitekoak dira bihar, Zelenskik jakinarazi duenez. Hori adostu du Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin. Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin ere telefonoz hitz egin du Zelenskik, eta, Eliseoko iturriek hedabideei adierazi dietenez, Frantziak konpromisoa hartu du Ukrainari militarki laguntzen jarraitzeko. Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak Twitterren adierazi du gaurko bonbardaketek ez dutela «lekurik» XXI. mendean.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen idazkari nagusi Jens Stoltenbergk salatu du Errusiaren erasoak «bereizi gabekoak eta ikaragarriak» izan direla, eta Mendebaldeko aliantza militarrak «behar beste denboraz» jarraituko duela Ukraina babesten. NATOko estatu kideetako defentsa ministroak asteazkenean eta ostegunean biltzekoak dira. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere adierazi du «eraso onartezinak» direla. «Beti bezala, zibilak ari ondoriorik okerrenak pairatzen».

Errusiako Belgorod probintzian ere –Ukrainarekin muga egiten du– bi eraso izan dira azken orduetan, Konoplianovka eta Xebekino hirietan. Agintarien arabera, gutxienez hildako bat izan da horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.