Krimeako anexioaren ikur den zubiaren zati bat hondatu dute

Errusiak Ukrainako zerbitzu sekretuak egin ditu eztandaren erantzule. Kievek ez du leherketa bere gain hartu, baina gertatutakoa ospatu du. Kremlinen arabera, hiru pertsona hil dira

Krimeako anexioaren ikur den zubiaren zati bat hondatu dute.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Errusiak beti adierazi izan du Krimeari eraso egitea litzatekeela zeharkatu ezinezko marra gorrietako bat, eta hori gertatuz gero ez lukeela zalantzarik edukiko erantzuteko. Bada, leherketa bat gertatu zen atzo goizaldean Krimeako penintsula eta Errusia lotzen dituen zubian, Kremlinek 2014an gauzatutako anexioaren ikurretako batean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak berak inauguratutako azpiegituran, eta, Moskuren esanetan, hiru pertsona hil ziren. Eztandak, gainera, zubiaren zati bat suntsitu du. Errusiak Ukrainako zerbitzu sekretuei egotzi die gertatutakoa, eta ikerketa bat hasi du. Kievek ez du bere gain hartu eztanda, baina zubia hondatu izana ospatu du.

Krimean 05:07ak zirenean —ordubete gutxiago Euskal Herrian— gertatu zen leherketa, Terrorismoaren Aurkako Errusiako Agentzia Nazionalak jakinarazi zuenez. Horren arabera, kamioi batek eztanda egin zuen, eta horrek eragin zuen ordu horretan Krimeara bidean zihoan eta erregaia zeraman tren baten —gutxienez— zazpi bagoik su hartzea.

Hemeretzi kilometro ditu zubiak, eta Europako luzeena da. Azoveko itsasoren eta Itsaso Beltzaren artean dago, Kertx-eko itsasartean. Lau bide ditu ibilgailuentzako —bi noranzko bakoitzean—, eta bi trenbide, noranzko bakoitzeko bat. ErrusiakoAseguruen Batasunak kalkulatu du 200 eta 500 milioi errublo bitarteko kaltea eragin duela leherketak; hau da, 3,2 milioi eta 8,1 milioi euro bitartekoa. Trafikoa eten behar izan zuten, baina Errusiako Garraio Ministerioak iragarri zuen partzialki bada ere atzo gauean zirela atzera trenen zein ibilgailuen trafikoari bidea ematekoak.

Buru militarra aldatu dute

«Gertatu dena da, noski, Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak [zerbitzu sekretuak] planifikatutako ekintza bat», esan zuen Errusiako behe ganberako Segurtasun Batzordeko presidenteorde Yuri Afoninek. Haren aburuz, «logistika arazoak» eragin nahi dizkio Errusiako armadari. Ukrainska Pravda Ukrainako egunkariak kaleratu zuen zerbitzu sekretuak daudela leherketaren atzean. Kievek ez du halakorik baieztatu, baina Vladimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podolyakek hau idatzi zuen txio batean: «Krimea, zubia, hasiera. Legez kanpokoa den guztia suntsitu behar da; ostutako guztia itzuli behar zaio Ukrainari; Errusiak okupatutako guztia kanporatu behar da». Joan den apirilean Errusiak Itsaso Beltzean duen gerraontzi nagusiari, Moskva-ri, eraso egin zion Kievek, eta hori gogoratu zuen Ukrainako Defentsa Ministerioak, txio batean. «Erori dira Errusiako botereak Krimea ukrainarrean dituen bi ikur nabarmen. Zer izango da hurrengoa, errusiar?». Ukrainako posta zerbitzuak atzo jakinarazi zuenez, zigilu berri bat plazaratuko du, eta, horretan, Krimeako zubia sutan agertuko da.

Bestalde, Kremlinek atzo adierazi zuen Ukrainan borrokatzen ari diren indarren buruzagi nagusia aldatu duela, Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak hala erabakita. Sergei Surovikin jenerala izendatu dute buru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.