Bertsolaritza

Zehaztua da zein bertsolari arituko diren finalerdietan kantuan

Guztira 24 bertsolari arituko dira lehian datorren fasean. Urriaren 22an izanen da lehenbiziko saioa, Elizondon (Nafarroa).

Gotaine-Irabarneko final-laurdeneko irudia. BOB EDME
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urriaren 10a
12:36
Entzun

Osatu da zerrenda. Atzo egin zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako azken saioa, Lizarran (Nafarroa), eta, horretan banatutako puntuak ikusirik, jada bada jakitea zer 24 bertsolari arituko diren ondoko fasean, finalaurrekoetan. Sei final-laurdenetako irabazleak, puntuazioz sailkatuak eta 2017an finalista izandako bost bertsolariak izanen dira kantuan. Maialen Lujanbio da salbuespena; iragan txapelketan garaile izanik, esperoan izanen da Iruñeko finalera arte.

Atzo iluntzera arte, soilik hamar bertsolarik zuten segurtatua finalaurrekoetarako sailkatzea. Batetik, 2017an –Lujanbio salbu– finalista izandako bost bertsolariek: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Sustrai Colina Akordarrementeria eta Unai Agirre Goia. Bestetik, Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen eta Donostian garaile izanikoek: Alaia Martin Etxebeste, Joanes Illarregi Marzol, Nerea Ibarzabal Salegi, Haritz Mujika Lasa eta Jone Uria Albizuri.

Atzoko saioan, Lizarran, Aitor Bizkarra Ruizek bildu zuen puntu gehien. Horrenbestez, hura ere zuzenean sartu zen sailkatuen zerrendan.

Ikusi gehiago: Aitor Bizkarra garaile Lizarrako final-laurdenean

Bertsolariek final-laurdenetan zakuratutako puntuazioen arabera, hauek ere arituko dira finalaurrekoetan: Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Elustondo Plazaola, Ane Labaka Maioz, Julio Soto Ezkurdia, Onintza Enbeita Maguregi, Agin Laburu Rezola, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Maddalen Arzallus Antia, Eñaut Martikorena Lizaso, Saioa Alkaiza Guallar, Miren Artetxe Sarasola, Asier Azpiroz Iztueta eta Iñaki Apalategi Astigarraga.

Noiz, non eta nor

Aste honetan ez da izanen txapelketako bertso saiorik. Bertsolariek datorrenean ekinen diote lehiari berriz ere; saio bat larunbatero. Dagoeneko zehaztu dute lehenbiziko itzuliko saioen informazioa:

- Urriaren 22an, Elizondon (Nafarroa): Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia.

- Urriaren 29an, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea): Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Amets Arzallus Antia, Asier Azpiroz Iztueta, Haritz Mujika Lasa, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran.

- Azaroaren 5ean, Irunen (Gipuzkoa): Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Akordarrementeria.

- Azaroaren 12an, Durangon (Bizkaia): Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar.

Lehenbiziko itzuliaren ondotik, bigarrena izanen da. Ondoko hiru larunbatetan: Amurrion (Araba), Baionan eta Bilbon. Finala abenduaren 18an jokatuko da, Iruñean estreinako aldiz, Nafarroa Arenan. Han batuko zaie Maialen Lujanbio 2017ko txapelduna lehiara, atzera ere txapela erdiesten saiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.