Txakurrak errabiaren aurka txertatu beharko dira nahitaez

Gaitzaren aurrean «babesa jarraituki bermatzeko» neurria sartu du indarrean Eusko Jaurlaritzak. Txakurrek 12-24 aste artean izan beharko dute txertatzeko orduan.

Txakurrak, Donostiako Guau Parkean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko urriaren 10a
12:59
Entzun

Orain arte ez da derrigorrezkoa izan, baina bihartik aurrera, txakurrak nahitaez txertatu beharko dira errabiaren kontra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaitzaren aurrean «babesa jarraituki bermatzeko». Txakurren jabeei eragiten die neurriak, baita horiek saltzen dituzten establezimenduei eta babeslekuei ere. Animalien titulartasuna aldatu baino lehen, horiek guztiek bermatu behar dute txakurrak errabiaren aurka txertatuta daudela.

Errabia «berriro indartzen» ari den gaixotasuntzat jo du Eusko Jaurlaritzak, birusaren aldaera berriak agertzen ari baitira. Gainera, txakurren mugimenduak «nabarmen areagotu dira, kasu askotan gaixotasunaren eremu endemikoetatik».

Nafarroan jada indarrean dago neurri hori; Ipar Euskal Herrian, berriz, ez dago zertan txertatu (Frantziako Estatutik at bidaiatzean, salbu).

Hiru lurraldeetan, txakurrak 12-24 aste dituztenean txertatu beharko dira. Adin horretatik gorako txakurren kasuan, errabiaren kontra txertatuta egon ezean, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak gomendatu du jabeek lehenbailehen ziztatu ditzatela. Txertatu aurretik animaliak aztertu beharko dira, egiaztatzeko txertoa jaso dezaketen ala ez. Azken kasu horretan, txertoa jartzea atzeratu daiteke, albaitariaren ziurtagiria izanez gero.

Bestela, behin txakurrak txertatuta, «beharrezkoa» den epe baten barruan berrito txertatu beharko dira, errabiaren aurkako babesa mantentzeko. Nafarroan, lau hilabetetik gorako txakurretan beharrezkoa da txertoa, eta txertoen arteko tartea gehienez bi urtekoa da.

Gainontzeko animaliak errabiaren aurka txertatzea hautazkoa da; ez, ordea, Europako Batasuneko herrialdeetara eramaten diren katuen eta hudoen kasuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.