Kurdistango gatazka

Turkiak PKK-ko ustezko hamahiru kide hil ditu Siria iparraldean

Bonbardaketen bidez hil ditu. Turkiako Gobernuak berak eman du heriotzen berri.

Hainbat siriar Turkiaren postu militar baten parean protestan, Idliben (Siria), aurtengo abuztuan. YAHYA NEMAH / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urriaren 11
11:48
Entzun

Turkiako Armadak PKK Kurdistango Langileen Alderdiko ustezko beste hamahiru kide hil ditu bart Siria Iparraldean. Turkiako Defentsa Ministerioak eman du albistearen berri, baina xehetasunik eman gabe. Lehenik, bost heriotza jakinarazi ditu, eta, gero, beste zortzi geroago. Bonbardaketen bidez hil dituzte.

«Terroristen erasoak ez dira zigorgabe geratzen. Siria iparraldeko Peace Spring lurraldean bakea eta segurtasuna hausteko tiro egin duten hamahiru terrorista neutralizatu ditu Turkiako Armadak», idatzi du Defentsa Ministerioak Twitterren.

Turkiako Gobernuarentzat, «talde terrorista bat» da PKK, eta Turkiako hedabideek adierazia dute alderdiko zenbait buruzagi ere hil dituela Turkiak azken urteetan. Siria iparraldeari dagokionez, 2015. urtean Turkiako Gobernuaren eta PKKren arteko su etena bertan behera geratu zenetik, Turkiak hainbat aldiz egin dio eraso eskualdeari.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak aurtengo uztailean erakutsi zuen Sirian operazio militarrei berrekiteko asmoa: «Beste pauso bat ematen ari gara 30 kilometroko segurtasun eremu bat ezartzeko —aurrera eginez—, hegoaldeko gure muga osoan barrena», adierazi zuen. Ordutik, besteak beste, Turkiako mugatik gertu dagoen Kobane hiria bonbardatu du Turkiak; gutxienez bost lagun hil zituen erasoaldi hartan, abuztuan.

Mugaren kontrola

SDF Siriako Indar Demokratikoek orduan azaldu zutenez, Turkiaren helburua da kurduak beren etxebizitzak uztera behartzea.

Azken urteetako erasoetan, Ankararen jomuga milizia kurdu-siriarrak ziren, YPG Herriaren Babes Unitateak; horiek AEBen babesa jasotzen dute, baina Turkiak bere segurtasun nazionalaren kontrako mehatxutzat dauzka, uste baitu harremanak dituztela PKKrekin. Haiek Turkiako mugako eskualdeetatik erretiratzera behartu eta gero, Ankarak kontrolpean du herrialdearen %10 inguru, eta berak kudeatzen ditu iparraldeko eta ipar-mendebaldeko lurraldeetako segurtasuna eta azpiegiturak.

Ikusi gehiago:Erdoganek berriz egin dio mehatxu Siriari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.