Aurrekontuak

Aurrekontu akordioa lortu dute Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek

Lege aurreproiektua urriaren 19an onartzea eta azaroaren 4an Nafarroako Parlamentura igortzea espero du Saizek. Gastu muga igoko da, baina ez dute zehaztu zenbat 

Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria eta Geroa Baiko Uxue Barkos, iaz, Parlamentuan. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko urriaren 11
14:16
Entzun

Nafarroako Gobernu barruan ados jarri dira. Irailaren 18an datorren urteko aurrekontuaren zifra makroekonomikoak zehaztu eta 5.216 milioi euroko gastu muga ezarri ondotik, diru hori departamentuen artean nola banatu itundu dute PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k.

Noticias de Navarra egunkariak hala aurreratu du, eta Elma Saiz Ogasun eta Ekonomia kontseilariak eguerdian baieztatu du urriaren 19an onartuko dela legearen aurreproiektua. Testua azaroaren 4an Nafarroako Parlamentura bidaltzea espero du Saizek, «garaiz eta moldez» dabiltzala esanda.

Legealdiko azken aurrekontuak onartu ahal izateko, EH Bildurekin akordioa erdietsia izan behar luke ordurako, baina negoziazioaren nondik norakoez ez du argibide handirik eman Saizek. «Gobernu honek ekin zionetik diskrezioz jokatu du, eta behin akordioa lortzen denean argitaratzen dugu haren edukia».

Elkarrizketa politikoa hasi aurretik, EH Bilduk aurreratu zuen zerga arloan jarri nahi dutela azpimarra. Saizek adierazi du lehentasun izango dutela energiaren garestitzearen eta inflazioaren aurrean «gizarte ezkutua indartzea», eta hori «zerga bidez» ere egingo dutela.

Akordioaren balioa

EH Bildurekin hasitako negoziazioak zer emango zain, gobernu barruko adostasunak badu bere balio politikoa. Teorian bazkideen arteko akordioa egintzat eman baziteeken ere, azken hilabeteetan tentsioak handitu dira PSNren eta Geroa Bairen artean.

Soka noraino tenkatzeko prest ote ziren ikusteko modua izan zitekeen aurrekontuen negoziazioa, eta akordioak erakusten du egonkortasunaren bidea hautatu dutela. Kontuan hartuta datozen hilabeteetako testuinguru ekonomikoa zaila izango dela eta maiatzean foru hauteskundeak egingo direla, gatazkaren irudiak eskuinari gauzak errazago ipintzeko mehatxuak pisu handia izan du politikoki.

%3ko kenkaria

Edukiari dagokionez, ez da ezer askorik aurreratu. Noticias-en arabera, 5.216 milioi euroko gastu muga zertxobait handitu dute, baina ez dute zehaztu zenbat. Aurrekontuan, enpresentzako, familientzako eta merkaritza sektorentzako laguntzak aurreikusten dira. Halaber, gobernu bazkideen aurretik iragarria zuten urtean 30.000 eurotik beherako errententzat %3ko kenkaria aurreikusten dutela.

Langile publikoen soldatei dagokienez, Madrilen bide beretik joko du. Aurten, aurrekontuan jasotako %2ari beste %1,5 gehituko zaio aparteko ordainsari baten bidez. 2023an, berriz, %3,5ko igoerari beste %2,5 gehituko zaio, beste %1 handitzeko aukerarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.