KOMUNIKAZIOA

Jaurlaritzak sei milioi euro emango dizkie hedabideei

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du deialdia; komunikabideen «sostengu ekonomikoan eta desinformazioaren aurkako borrokan laguntzea» da helburua, «publiko orokorraren alfabetatze mediatikoan» laguntzearekin batera.

Bi lagun kiosko batean egunkarietako azalei begira, iazko urrian. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2022ko urriaren 11
16:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak sei milioi euroko diru-laguntza deialdi bat onartu du gaur, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunikabideei eta bertan lan egiten duten hedabideei zuzendua, «horien sostengu ekonomikoan eta desinformazioaren aurkako borrokan laguntzeko, bai eta publiko orokorraren alfabetatze mediatikoan laguntzeko ere».

Jaurlaritzak azaldu duenez, deialdi horrek kontuan hartzen du «komunikabide profesionalek egunero egiten duten lana herritarren informazio egiazkoa eta egiaztatua izateko eskubidea bermatua egon dadin». Jaurlaritzaren hitzetan, interes orokorreko informazio lan hori «are beharrezkoagoa eta nabarmenagoa» izan zen COVID-19aren pandemian: «Baina, hain zuzen, une horretan, komunikabideek diru sarreren beherakada handia izan zuten, bai salmentengatik, bai publizitateagatik».

Deialdia prentsa idatziari eta eguneroko hedabide digitalei, irratiei eta telebistei zuzendutakoa da, eta baldintza batzuk jarri ditu gobernuak: hartzaile guztiek egoitza edo ordezkaritza bat izan beharko dute Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan, eta gutxienez edukien edo programazioaren %15 eskaini beharko dute «euskal publikoari» zuzendua. Laguntzen hartzaileek, gutxienez, hiru herrialdeetako bat izan beharko dute estaldura eremu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez 5.000 laguneko jarraipena izan beharko dute. Laguntzen deialdia urriaren 18an argitaratuko da Aldizkari Ofizialean, eta eskabideak hurrengo hamabost egun naturaletan aurkeztu ahal izango dira.

Jaurlaritzak nabarmendu du aurten 13,7 milioi euro jarriko dituela hedabideen sektoreari laguntzeko, gaur onartutako laguntzei gehituta euskarazko prentsarentzat gordetako diru saila eta BERRIArekin eginiko ituna.

Iaz, gobernuak bost milioi euro banatu zituen COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko. Hekimen kexu agertu zen, euskarazko hedabide «ia guztiak» laguntza horietatik kanpo geratu zirelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.