Energia krisia

Espainiak %5 eta %13,5 artean murriztu nahi du gas kontsumoa martxora arte

Energia aurrezteko planak ez du debeku eta derrigortasun berririk ezartzen. Galdara komunitarioen fakturak murriztuko ditu, eta bonu sozialak zabaldu.

Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroa, astearte honetan eginiko agerraldian. FERNANDO ALVARADO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 11
16:34
Entzun

Espainiako Gobernuak erronka handia jarri dio bere buruari: gasaren kontsumoa %5,1 eta %13,5 artean murriztea martxora arte, Europako Batasunak zehaztutako %6,4ko helburutik gora —Frantziak %10 murriztu nahi du gasa eta argindarra datozen bi urteetan—. Hala jaso du Madrilek astearte honetan aurkeztu duen eta Bruselara bidali behar duen kontingentzia planean. Egitasmoan jasotako neurri berriek ez dute derrigortasunik eta debekurik ezartzen. Xede nagusi bat du: etxebizitzen eta enpresen autonomia energetikoa hobetzea. Guztira 73 neurri ditu, eta gehienak Next Generation funtsen bidez finantzatuko dira. Jasotako neurri batzuk ez dira berriak: adibidez, erabilera publikoko eraikinen tenperaturak mugatzea eta erakusleihoen argiak gauerditik aurrera piztuta egotea debekatzea. Neurri horiekin gas kontsumoa %4,6 gutxitu da.

Planaren beste ardatz nagusietako bat kontsumitzaile zaurgarrienak babestea da. Horretarako, bonu sozial elektrikoa eta termikoa zabaltzea aurreikusten da, baina Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroak ez du zehaztu nola. Era berean, negu honetarako, galdara komunitarioak dituzten etxeen fakturak ere murriztu nahi dira, baina nola egin aztertzen ari direla azaldu du Riberak. Gaur bertan, EAJren eta EH Bilduren proposamen bana jaso ditu.

Horrekin batera, fakturetan gardentasuna indartu nahi du Madrilek. Horrela, 15 kilowattetik beherako potentzia dutenek edo urteko 50.000 kilowattetik beherako kontsumoa dutenek konparazio bat jasoko dute posta kode bereko antzeko bezeroen prezioekin. Era berean, modu eraginkorragoan kontsumitzeko aholkuak jasoko dituzte, eta elektrizitatea sortzeko gasaren prezioa mugatzen duen iberiar salbuespena agertzeko modua homogeneizatuko da. Aldaketa horiek lehenbailehen egitea da asmoa, baina horietako batzuk arautu egin behar dira edo Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (CNMC) oniritzia behar dute.

Laguntza fiskalak

Madrilen planaren helburu nagusia energia komunitateak eta autokontsumoa bultzatzea da. Horretarako, beherapen fiskal batzuk aztertzen ari da. Ez du azaldu zein, baina, Riberak azaldu duenez, etxebizitzen birgaitze energetikorako abian jarritako aringarrien antzekoak izango dira.

Enpresen kasuan, Madrilek energia berriztagarriak bultzatzeko ESEPE plana indartuko du. Egungo zuzkidura 3.500 milioi eurotik gorakoa da, eta beste 1.000 milioi jarriko ditu. Era berean, industria deskarbonizatzeko beste ESEPE bat jarriko du martxan, baina oraindik diseinu fasean dago.

Autonomia erkidegoek eta toki erakundeek abenduaren 1a baino lehen egin beharko dituzte energia aurrezteko planak, baina ez daude behartuta neurri zehatzak hartzera: energia kontsumoa ahal duten tokietan eta neurrietan doitzeko eskatuko zaie. Kanpoko argiteriaren kontsumoa murrizteko plan bat du Espainiako Gobernuaren egitasmoak: interesik gabeko maileguak jarriko ditu administrazioen eskura, argiteria berritzearen kostuaren %100 estaliko dutenak. Gabonetako argiztapenei dagokionez, planak ez du aipamen espezifikorik egiten.

Europako gainerako herrialdeekiko «elkartasun konpromisoa» ere jasotzen du egitasmoak; hala, gasa esportatzeko azpiegiturak indartuko ditu Madrilek, Frantziara eta Italiara bereziki. Horrela, Frantziara gasa bidaltzeko ahalmena %18 gehituko da Irungo (Gipuzkoa) lotunetik. Era berean, Italiara ontziz esportatutako gas hornidurak handituko dira, herrialde horren gas kontsumoaren %3raino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.