EUSKARA

Euskaraldian enpresak arigune izatea sustatuko dute ELAk eta LABek

Kontseilua eta sindikatuetako 160 ordezkari batzartu dira Bilbon, Euskaraz lan egitea, eskubide kontua izeneko dinamika aurkezteko.

Kontseiluko kideen eta ELA eta LABeko ordezkarien batzarra. FOKU
jon olano
2022ko urriaren 13a
12:25
Entzun

ELAko eta LABeko 160 ordezkari batzartu dira Bilbon, Kontseiluak deituta, eta hiru eragileek adierazi dute langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatzeko urratsak egiteko borondatea. Horretarako, sindikatuek batera joko dute enpresaz enpresa, 50 behargin baino gehiago dauzkaten lantokietan, Euskaraldiarekin bat egin eta arigune gisa parte hartu dezaten bultzatzeko, baita lantokiak euskalduntzeko «konpromiso zehatzak» hartu ditzaten ere.

Sindikatuen asmoa da langileen artean konpromiso edo proposamen batzuk adostea eta horiek enpresetako zuzendaritzei aurkeztea. Proposamen horiek izango dira enpresan euskara batzordeak eratzeko baliabideak eskaintzea, diagnostikoa egin eta langileekin partekatzea eta Bai Euskarari Ziurtagiria hartzea, euskara planak abiatzea.

2020ko azaroan, ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko beste dinamika bat aurkeztu zuten, 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak bultzatzeko gutxieneko neurriak proposatuz. 2021ean, hiru eragileek bilerak izan zituzten Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin lan mundua euskalduntzeko proposamen zehatza aurkezteko: 50 langiletik gorako enpresatan langileek edo enpresaburuek eskatuz gero, euskara plana negoziatu behar izatea lanbidearteko akordioan jasotzea. Confebask eta CEN patronalekin biltzen saiatu ziren, baina lantokietan euskara planak adosteari uko egin zioten. Akordiorik lortu ez bazen ere, bide horretan jauzi bat bultzatzeko ekimen bat antolatzen aritu dira hiru eragileak azken hilabeteetan.

Gaur, ELAk eta LABek 50 langiletik gorako enpresetako delegatuak bildu dituzte Bilbon, Kontseiluarekin batera, Euskaraz lan egitea, eskubide kontua izeneko dinamika bateratua aurkezteko. Asmoa da lan mundua euskalduntzea, eta egitasmoa abiatzeko arrazoiak azaldu dituzte eragileek: batetik, langileen ikuspegitik, «lan eta bizitza duinaren eta dagozkien eskubideen aldeko borrokan» oinarritzen delako ekintza sindikala. Hiruek borroka horretan ulertzen dute hizkuntza eskubideen aldeko ekinaldia ere: «langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan harremanak euskaraz burutzeko eskubideen» aldeko borroka gisa.

Bestalde, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, nabarmendu dute eguneroko bizitzan eremu sozioekonomikoaren eragina eta «izaera egituratzailea agerikoa» dela: «Geroz eta aditu eta aritu gehiagok aldarrikatzen du euskararen normalizazio prozesuak beharrezko duela lan munduaren euskalduntzean jauzia egitea». Haatik, gogorarazi dute gaur-gaurkoz ez dela %1era ere iristen euskara planak dituzten entitateen ehunekoa, eta «enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzen» dutela.

Horregatik, kanpaina azaroaren 18tik abenduaren 2ra Euskaraldiaren testuinguruan garatuko dute: «Euskararen aldeko herri-gogo eta herri-bultzada sendoa agertuko diren garaian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.