Inflazioa

Inflazioak behera egin du irailean, baina elikagaiak gehiago garestitu dira

Kontsumo produktuen indizea %10,5etik %8,8ra jaitsi da, bereziki argindarrean eta garraio zerbitzuetan ezarritako deskontuengatik. Hala ere, azpiko inflazioak gora egin du berriz ere.

Bilboko barazki eta fruta denda bat. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 14a
11:38
Entzun

Bigarrenez jarraian, behera egin du KPI kontsumo prezioen indizeak Hego Euskal Herrian, eta irailean abuztuan baino handiagoa izan da jaitsiera, 1,7 puntukoa: %10,5etik %8,8ra egin du behera, INE Espainiako estatistika institutuak gaur kaleratutako datuen arabera. Bereziki, argindarraren merkatzeari zor zaio murrizketa, nagusiki Espainiako Gobernuak fakturan ezarri duen BEZaren jaitsieragatik, %10etik %5era. Eta garraio publikoan Madrilek eta Hego Euskal Herriko erakundeek ezarritako deskontuengatik.

Dena den, goranzko joera indartsuari eusten dio herritarren erosketa saskiaren elementu nagusietako batek: elikagaienak. Abuztutik irailera, beste koska bat egin du gora: 0,6 puntu. Eta iazko irailean baino %14,5 garestiago daude. 1996an abiatutako serie historikoan inoiz izandako igoerarik handiena da.

Argindarraren eta garraioaren prezioetan jaitsiera nabarmenak egon arren, azpiko inflazioa deiturikoak, energiak eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituenak, erakusten du inflazioa oso goian dagoela oraindik ere. Gainera, abuztutik irailera berriz ere egin du gora, 0,2 puntu, eta %6,6an kokatu da.

Prezioen igoera hasi zenetik, mailarik altuenean dago azpiko inflazioa. Horrek erakusten du energien garestitzeak gainerako produktuetan eragindako prezio igoera mantentzen dela.

Lurraldeka, jaitsiera nabarmena izan da lauretan: Gipuzkoak du tasarik txikiena (%8,1); ondoren, Arabak (% 8,6) eta Bizkaiak (% 8,8); eta Nafarroa bi digitutik gertu geratu da (% 9,8).

Lasaitua, laguntzengatik

Erregaien eta, bereziki, argindarraren eta garraioaren prezioen merkatzeak eragin du inflazioaren jaitsiera, bereziki azkenengo bienak. INEren estatistiketan etxeko gastuen atalean sartzen dira argindarra eta gasa. Abuztutik irailera 24 puntu jaitsi da, hein handi batean Espainiako Gobernuak hartutako neurriengatik —argindarraren BEZaren jaitsierak, elektrizitatea sortzeko gasaren prezioa mugatzea eta beste—. Dena den, iazko irailean baino %24,8 garestiago jarraitzen dute etxeko gastuek.

Garraio publikoaren kasuan, alor hori da urte batetik kontrako joera izan duen prezio bakarrenetarikoa, eta aldi handiarekin gainera. Iazko irailean baino %27,9 merkeago dago distantzia motz eta ertaineko garraio publikoa, gobernuek ezarritako deskontuengatik: %100era irits daitezkeenak aldiriko trenen hilabeteko bonuetan eta %50era artekoak autobusetan.

Erregaietan ere eutsi zaio hilabete batetik besterako merkatzeari. Gasolinagatik ia beste hamar zentimo gutxiago ordaindu da abuztutik irailera: 1,840euroan salerosi zen batez beste abuztuan, eta 1,746 euroan irailean. Horri gehitu behar zaizkio Espainiako Gobernuak ordaindutako deskontuak. Gasolioa, aldiz, apur bat garestitu da, bi zentimo. Erregaien prezioen jaitsiera etengabea izan da ekainetik, baina hori eteten hasi da. Urrian prezioak igotzen ari dira eta litekeena datozen asteetan gehiago gora egitea, LPEE kartelak, Errusiak eta haien aliatuek petrolio ekoizpena gutxitzea erabaki baitute, atzeraldi ekonomiko batek kontsumoa txikitu eta prezioa amiltzea eragotzi nahian.

Erosketa saskia

Argindarrarekin eta erregaiekin batera elikagaiek osatzen dute inflazioaren hirugarren hanka. Aurreneko bien igoera eten bada ere, hirugarrenak mugarik gabe hazten jarraitzen du. Beste 0,6 puntu igo da elikagaien prezioa, eta iazko irailean baino %14,5 garestiago daude. Hori bai, abuztutik irailerako igoera uda aurretik izandakoa baino txikiagoa da.

Gainera, oinarrizko elikagaietan izan dira igoerarik handienak. Horien buruan arrautzak eta olioa: iaz baino %27,2 garestiago daude. Eta jarraian esnea %25,4. Batez besteko inflazioaren gainetik daude barazkiak (%16,4) eta frutak (%13,5). Oinarrizko elikagaien artean igoera handienetarikoa izan duen produktuetako bat da azukrea: %18,7.

Haragien artean, behikia garestitu da gehien (%15,5), eta, ondoren, txerrikia (%13,2) eta oilaskoa (%12,9). Ardikiak izan du igoerarik txikiena: Hego Euskal Herrian %5,3. Nafarroan, gainera, iaz baino merkeago dago: -%3. Arrain freskoak eta izoztuak ere igoera handia izan dute: %10,4koa.
Edarien kasuan, alkoholdunak %7,9 garestitu dira urte batetik bestera, eta besteak %10,9.

Igoera txikia izan duten produktuak aurkitzeko asko arakatu behar da INEren zerrendan, eta are gehiago behera egin duen bat topatzeko. Hori da komunikazio zerbitzuen kasua: %2,5 merkatu dira. Igoera txikia izan dute, baina igo egin dira tabakoa (%1,9), alokatutako etxebizitzak (%1,7) eta arropak (%3,2).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.