Zinema

Paul Urkijoren 'Irati' filmak bi sari jaso ditu Sitgesko jaialdian

Publikoaren Sari Nagusia eta Efektu Berezien Saria eman dizkiote lanari; iluntzean izanen da sari banaketa. Filma datorren otsailean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.

Eneko Sagardoi, Paul Urkijo, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño, Sitgesko jaialdian. SIU WU, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urriaren 15a
16:14
Entzun

Publikoak beso zabalik hartu zuen joan den igandean Irati, filma aurreneko aldiz jendaurrean eman zenean; baita besarkatu ere, gaur baieztatu denez. Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian izan zen estreinaldia, Sitgesen (Herrialde Katalanak), eta gaur jakinarazi dituzte, hain zuzen ere, jaialdiko sarien irabazleak. Paul Urkijo zuzendariaren lanak bi garaikur eskuratu ditu: Publikoaren Sari Nagusia da bata, ikusleek emana, eta Efektu Berezien Saria bestea.

Orain arte filma jasotzen ari den harrera ona berretsi dute sariek. Hori ikusirik, lantaldea «pozarren» da; Paul Urkijo, batik bat. Iragan igandeko estreinaldia ekarri du gogora Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean, eta sariak emandako epela nabarmendu. «Filmaren proiekzioa sekulako gozatua izan zen, harrera ederra jaso genuen. Saria jasota, imajinatu zer poza».

Gainera, Urkijok azpimarratu du bereziki pozgarri zaiela ikusleen saria irabazi izana. Izan ere, dioenez, horretarako egiten dute zinema; jendea gozarazteko, alegia. «Gustatu bazaie, bazaizue, baizaigu... hori da inportanteena, saririk handiena», azaldu du zuzendariak.

Iluntzean eginen dute sariak banatzeko ekitaldia Sitgesen. Halaber, jakinarazi dute noiz izanen den filma zinema aretoetan: otsailaren 24tik aurrera. Ordura arte, herritarrek haren trailerrarekin izanen dute gozatzea. 105 segundoko dosia sarean ikusgai da joan den astelehenetik.

Ikusi gehiago: 'Irati' filmaren trailerra sarean ikusgai da jadanik

Zinema aretoetara iritsi aurretik, baina, beste jaialdi batean ere emanen dute Irati Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko astean emango dute, jaialdia zabaltzeko, urriaren hondarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.