Ekonomia
Ekonomia %3,9 hazi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Hirugarren hiruhilekoan pandemia osteko hazkundea pixkanaka geldotzen ari dela erakusten du Eustaten datuak. Eusko Jaurlaritzak ekainean egindako aurreikuspenak bete dira.

Urteko hirugarren hilekoak hazkunde ekonomikoaren moteltzea ekarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoara. Barne produktu gordina %3,9 handitu da uztailetik irailera, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta, tasa esanguratsua izanik ere, txikiagoa da aurreko bi hiruhilekoetakoa baino — BPG %5,7 hazi zen urtarriletik martxora, eta %5 apiriletik ekainera.
Eusko Jaurlaritzak ekainean egindako aurreikuspenekin bete-betean asmatu zuela erakusten du Eustaten gaurko datuak. Irailean, gobernuak berritu egin zituen aurreikuspen horiek. 2022. urte osorako hazkunde iragarpena bi hamarren jaitsi zuen %4,5etik %4,3ra, pentsatuaz urte amaieran ekonomiaren motelaldia sakonagoa izango dela. Aurreikuspen horren arabera, ekonomia urte arteko %2,4 haziko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Bigarren hiruhilekotik hirugarrenera, barne produktu gordina %0,2 handitu da soilik, lehenean eta bigarrenenen hiruhileko arteko hazkundea %1 eta %1,1ekoa izan ostean, hurrenez hurren.
Enpleguan ere geldotu egin da hazkundea. Hiruhileko arteko hazkunde tasa %0,3koa izan da uztailetik irailera, aurreko hiruhilekotan %0,9ko eta %0,8ko hazkundeak izan ostean. Aurreko urtearekin alderatuta, enplegua %2 soilik hasi da, aurreko hiruhilekotan baino gutxiago —%5 lehen hiruhilekoan, %3,7 bigarrenean—.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.