Eskalada

Teheranen dago Rekabi, eta zapia nahi gabe erori zitzaiola esan du

Seulgo eskalada txapelketa batean zapirik gabe lehiatu zen igandean, eta harrezkero atxilotuta zegoela salatu du haren familiak.

Elnaz Rekabi eskalatzaile irandarra, joan den igandean Seulen. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urriaren 18a
10:23
Entzun

Ilea agerian zuelarik agertu zen Elnaz Rekabi eskalatzaile irandarra joan den igandean Hego Korean eskalada txapelketa batean. Seulen izan zen, baina kirolariaren irudiok nabarmen zabaldu dira mugetatik kanpo ere. Belorik gabe aritu izanak askoren harridura ekarri zuen, baina baita bestelako erreakziorik ere. Rekabiren familiak BBC hedabideari jakinarazi zionez, igande gauetik ez zuten haren arrastorik. Iran Wire agerkari digitalaren arabera, Evingo kartzelan zuten preso eskalatzailea.

Gaur goizean Instagramen argitaratu duen ohar batean, ordea, Teheranen dagoela dio eskalatzaileak, eta zapia erori egin zitzaiola. «Antolakuntza txarra izan zen, eta denborarik gabe deitu ninduten lehiatzera. Ondorioz, nahi gabe erori zitzaidan zapia». Barkamena eskatu du horrek eragin duen kezkagatik.

Iran Wire-ren informazioaren arabera, agintariek pasaportea eta sakelakoa kendu zizkioten Rekabiri igandean berean, eta aireportura eraman zuten biharamunean –berez, biharko zuten aurreikusia Iranera itzultzea–, espetxeratzeko. Halaber, Iran Wirek zabaldu duenez, kirolariaren anaia ere atxilo zuen Poliziak.

Iranek Hego Korean duen enbaxadak, ordea, gezurtatu egin du hori. Twitterren zabaldu duen ohar batean dio gaur iritsi dela Teheranera, txapelketa bukatu ondoren.

Mahsa Amini buruan

Mahsa Amini irandar gaztearen heriotzarekin lotu dute hasieran belorik gabe agertu izana. Hain zuzen, beloarekin loturikoa baita Aminiren auzia. Irango Moralaren Poliziak aurreko irailaren 13an atxilotu zuen 22 urteko gaztea, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta ondoko ostiralean hil zen, ospitalean, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek argi utzi dute ez zegoela gaixo atxilotu aurretik, eta Poliziari egotzi diote heriotzaren gaineko erantzukizuna.

Ikusi gehiago: Auzi medikuek esan dute Mahsa Amini gaitz baten ondorioz hil zela

Ordutik, protesta ugari izan da herrialdean, ehun hiritan baino gehiagotan. Emakumeek kaleak hartu dituzte. Askok beren hijabak erre edo ilea moztu dute herrialdean indarrean den emakumeentzako janzkera kodea gaitzesteko. Protestak piztu zirenetik, 150 manifestari baino gehiago hil dituzte, ehunka zauritu eta milaka atxilotu, giza eskubideen aldeko zenbait elkartek salatu dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.