Auzi medikuek esan dute Mahsa Amini gaitz baten ondorioz hil zela

Sendiak Irango Poliziari egotzi dio gaztearen heriotzaren erantzukizuna. Protestetan hiliko bi herritarren hilketa ere ukatu du Teheranek

Manifestari bat, atzo, Istanbulen, Xahkaramiren irudi bati eusten. SEDAT SUNA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Irango Poliziak ez du zerikusirik Mahsa Aminiren hilketarekin, Irango Auzi Medikuen Erakundeak atzo argitaratu zuen txosten ofizialaren arabera. «Mahsa Aminiren heriotza ez zuten eragin buruko, organuetako edota gorputz adarretako kolpeek», jaso du txostenak. Haren esanetan, Aminiren heriotza zenbait organoren kolapsoaren ondorio izan zen, burmuina oxigenorik gabe gelditu izanaren emaitza.

Amini 22 urteko emakumea irailaren 13an atxilotu zuen Poliziak, Teheranen, «janzkera desegokia» eramateagatik. Polizia etxera eraman zuten, «heztera». Gaztea handik hiru egunera hil zen, koman egon ostean. Aminiren aitak salatu zuen bere alabak kolpeen markak zituela hanketan, eta Poliziari egotzi zion haren hilketa. Poliziak ukatu egin du heriotzaren erantzukizuna, eta ziurtatu zuen bihotzekoak jota hil zela Amini. Sendiak nabarmendu du gazteak ez zuela osasun arazorik.

Aminiren heriotzak protesta jendetsuak piztu ditu Irango ehun hiritan baino gehiagotan. Emakumeek kaleak hartu dituzte. Askok beren hijabak erre edo ilea moztu dute herrialdean indarrean den emakumeentzako janzkera kodea gaitzesteko. Protestak piztu zirenetik, 150 manifestari baino gehiago hil dituzte, ehunka zauritu eta milaka atxilotu, giza eskubideen aldeko zenbait elkartek salatu dutenez.

Horrez gain, Irango agintariek beste bi emakumeren heriotzaren erantzule direla ere ukatu dute. Horietako bat Sarina Esmailzadeh da, 16 urteko gaztea. Amnesty International elkartearen arabera, Aminiren heriotza salatzeko manifestazio batean hil zen, Poliziak buruan eman zizkion makilakaden ondorioz. Irango justiziaren esanetan, berriz, bere buruaz beste egin zuen, irailaren 24ko gauean, bosgarren solairutik jauzi eginda. «Amak azaldu zuenez, bere burua hiltzen saiatua zen lehenago ere», esan zuen atzo Hossein Fazeli Harikandi Alborz eskualdeko fiskalak. Eskualde horretako Karaj hirian hil zen Esmailzadeh.

Harikandiren arabera, Esmailzadeh hil zen gauean eta zendu zen Karaj hiriko inguruan ez zen «liskarrik» egon, baina Tasnim albiste agentziak atxiloketen berri eman zuen egun horretan, hiriko hainbat auzotan; besteak beste, Esmailzadeh hil zen inguruan.

Nika Xahkarami 16 urteko gaztearen heriotzarekin ere zerikusirik ez dutela ziurtatu dute Irango agintariek. Xahkarami irailaren 20an desagertu zen, Teheranen, Aminiren hilketa salatzeko manifestazio batean. Aurretik, lagun bati esan zion Polizia segika zuela. Epaileek asteazkenean adierazi zuten haren heriotza ez zegoela lotuta mobilizazioekin, eta, Esmailzadehren kasuan bezala, suizidio baten ondorioa izan dela. Baina haren amak agintariei egotzi zien alaba hil izana, Radio Farda irratiak herenegun zabaldu zuen bideo batean. «Nire alabaren gorpua ikusi dut. Ikusten da buruaren atzealdean kolpe handi bat hartu duela, burezurra apurtzeraino. Horrela hil zuten».

Emakumeen protestak Iranen azken urteetan gertatu diren handienak dira. Ali Khamenei herrialdeko liderrak ohartarazi du mobilizazioen helburua Iran desegonkortzea dela, eta AEBen eta Israelen «esku hartze bati» erantzuten diotela. Arduradun militar gorenek manifestariak «gogor erreprimitzeko» agindu zuten, irailaren 21ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.