Artea

25. urteurreneko ospakizunak alderik alde hartu du Guggenheim museoa

Eraikin osoa hartzen duen erakusketa bakar erraldoi bat zabalduz ospatu du mende laurdeneko ibilbidea Bilboko Guggenheim museoak. Haren funtsen parte diren 110 lan inguru jarri ditu ikusgai horretarako.

Bi bisitari, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA
Inigo Astiz
2022ko urriaren 18a
17:48
Entzun

Ospakizun instituzionalak izan ziren atzo, galako afari, argazki ofizial eta besterekin, eta ospakizun artistikoaren txanda heldu da orain. Zehatz-mehatz, mende laurdena bete du gaur zabalik Bilboko Guggenheim museoak, 1997ko urriaren 18an lehenengoz ireki zutenetik, eta, horregatik, museo osoa alderik alde eta goitik behera hartzen duen erakusketa erraldoi bakarra antolatu dute arduradunek Bilboko museoaren bildumaren parte diren 110 lan ingururekin: Sekzioak/ Intersekzioak. Guggenheim Bilbao museoaren bildumak 25 urte. «Triptiko» baten eran antolatu dituzte Frank Gehry arkitektoak diseinatutako eraikinaren hiru solairuak. Mende laurdeneko ibilbidean, orain arte, sekula ez zuten eraikin osoarentzako pentsatutako erakusketarik antolatu, eta bildumaren «heldutasuna» eta «sakontasuna» erakusten ditu horrek, Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariaren hitzetan.

Ikusi gehiago:Mende laurdenerako, euskarazko lau hitz

Besteak beste, Andy Warhol, Mark Rothko, Ernesto Neto, Txomin Badiola, Jeff Koons, Yoko Ono, Richard Long, Ives Klein, Francesco Clemente, Yayoi Ikusama, Xabi Salaberria, Lee Krasner, El Anatsui, Joseph Beuys, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Cristina Iglesias, Sol Le Witt, Cy Twonbly, Anton Tapies, Itziar Okariz eta beste hainbat artista esanguratsuren lanak ikusi ahalko dira, eta urtarrilaren 22ra arte egongo da zabalik.

Independentzia aldarrikapen moduko bat

Museoan egindako lehen erakusketaren oihartzun moduko bat da zabaldu berri dutena, Bidartek iradoki duenez. Duela 25 urte, nagusiki New Yorkeko eta Veneziako Guggenheimeko bildumetatik heldutako lanekin eta sortzen hasi berria zen Bilboko bildumako piezekin osatu zuten eraikina bete zuen lehen erakusketa hura, eta, zuzendariaren hitzetan, lehen keinu hura «erreplikatu» nahi izan dute orain. Baina, oraingoan, museoko bildumako piezak soilik erabili dituzte. Eta esanguratsua da datua.

«Irudi lezake erakusketa hau independentzia aldarrikapen moduko bat dela», azaldu du Bidartek, «edo museoak bere kasa iraun dezakeela iradokitzen duen adierazpen bat dela, baina ez da hori, kontrakoa baizik, halako erakusketa bat Guggenheim konstelazioaren parte izanik soilik baita posible». Horren adibidetzat, zuzendariak aipatu du ikusgai diren hainbat artelan jabetza partekatukoak direla, eta, azaldu duenez, tartean, badira fundazioak mailegu luzean utzitako beste hainbat obra ere bai.

Richard Armstrong Solomon R. Guggenheim fundazioko eta New Yorkeko Guggenheim museoko zuzendaria ere izan da erakusketako aurkezpenean, eta Bidartek publikoki eman dizkio eskerrak bertan, urteotan Bilboko museoari azaldu dion babesagatik. Eta iragarri du lankidetzak aurrerantzean ere jarraitu egingo duela.

Lau komisarioren lan «korala»

Lau komisario izan ditu erakusketak: Lekha Hilleman Waitoller, Maite Borjabad, Manuel Cirauqui eta Lucia Agirre. Lan «korala» izan dela zehaztu dute, guztien artean adostu behar izan dutelako eman beharreko ikuspegia eta egin beharreko obren hautaketa, baina, gero, erakusketako ataletako baten kargu egin da haietako bakoitza. Solairuz solairu, diskurtso propio eta buruaskia du erakusketaren parteetako bakoitzak, eta, era berean, elkarrizketa ere bilatu dute atal horien artean. Eta horregatik titulua: Sekzioak/ Intersekzioak.

Hilleman Waitoller komisarioak azaldu du ikuspegi orokorra lau komisarioen izenean: «Askotariko bilduma bat dugu, oso interesgarria. Obra esanguratsuak ditugu, eta baita inguruko artisten lanak ere. Horregatik, aukera izan dugu oso sortzaile izateko kontakizunarekin. Ez gara saiatu artearen historia ardatz duen kontakizun bat osatzen, nahiz eta horretatik ere badagoen zerbait. Nahi izan dugu gure errealitate garaikidea islatzen duten obra interesgarriak elkarrekin erakustea. Elkarrekin ikustera ohituta ez gauden obrak elkarrekin ikusiko ditugu, eta horrek solasaldi eta elkarrizketa bereziak sortuko ditu».

Adibide bat. Azken urteetan Bilboko museoaren kanpoaldean egon diren Jeff Koonsen tulipak, nagusiki pop arteari eskainitako aretora sartu dituzte, Warhol, Robert Rauschenberg eta Jean-Michel Basquiatekin batera. Eta Eduardo Txillidaren bi eskultura jarri dituzte kalean orain. Besarkada X eta Aholkua espazioari V.

Euskal artisten presentzia

Erakusketan badira espresuki Bilboko Guggenheim museorako sortutako pieza batzuk. Francesco Clementerena, kasurako. Eraikineko hirugarren solairuko areto horretarako sortu zituen margolan guztiak artistak, eta, horregatik, irudiek zehatz errespetatzen dituzte bertara sartu eta bertatik ateratzeko bi ateen neurriak, haien ertzetan marko moduko bat osatuz, eta gelari italiar jauregietako stanza baten kutsua emanez. Aurrez, museoak zabalik eman dituen 25 urteotan, beste bitan baino ez da egon ikusgai obra hori. Hilleman Waitollerrek gehitu duenez, Clementerena bezala, aurrez gutxitan erakutsitako beste lan asko ere badaude erakusketan.

Luzea da erakusketan diren euskal artista garaikideen izenen zerrenda ere, eta lehen solairuan dute presentziarik nabarmenena. Bertan dira, esaterako, Asier Mendizabalen obra, Xabier Salaberriaren instalazioa eta sortzen duen soinuarekin areto osoa betetzen duen Itziar Okarizen irrintzia oinarri duen bideoa ere. Baina euskal artisten artean, Cristina Iglesias eskultorea da erakusketan presentzia handiena duen sortzaileetako bat, haren hiru obra baitaude erakusketan. Lehen solairuan dago haietako bat, artistaren hasiera garaikoa, eta hirugarren solairuan daude beste bi obrak.

17 emakumezko artista bilduman

Museoaren arduradunek zehaztu dutenez, une honetan, guztira 81 artistaren 145 obra ditu Bilboko Guggenheim museoko bildumak. Eta oso handia ez den arren, haren kalitatea eta pertinentzia nabarmendu du museoko zuzendariak. Bidarteren hitzetan, «kuantitatiboa» baino gehiago, «kualitatiboa» da haren garrantzia. Eta, hain zuzen ere, Guggenheim konstelazioaren parte izateak ahalbidetu die aukeraketarekin zorrotzago jokatu ahal izatea. «Ez dugu museoa martxan jartzen hasteko bilduma handi bat eduki behar izan, beste Guggenheim bildumetako obrak erakutsi genitzakeelako, hain zuzen».

1995ean hasi ziren lehen erosketak egiten, eta, orain artean, guztira 110 eta 115 milioi euro bideratu dituzte bilduma osatzera Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Hiru eta lau urte arteko erosketa planak osatzen dituzte horretarako museoko arduradunek, eta, urterik oparoenetan, urtean sei milioi euro arterainoko poltsa izan dute horretarako. Eten luzeak ere izan direla gogorarazi du Bidartek, ordea, 2008tik 2012ra bitarte, euskal erakundeek ez baitzuten bilduma handitzeko diru partidarik bideratu. «Dinamika hori egiturazko bilakatzeko arriskua egon zen, eta hori kaltegarria zen».

800 milioi euroko merkatu balioa

Bidarteren hitzetan, «erosketa erritmoa» pandemia aurreko sasoian izandakora itzultzeko bidean da egun, baina oraindik langa horren azpitik daudela zehaztu du.

Bilduma horrek artearen merkatuan duen prezioaren estimazioa ere eman du Bidartek. 2019an Christie's etxeak egindako kalkuluen arabera, 800 milioi euro baino gehiagokoa da egun obra horien merkatu prezioa.

Onartu ditu hutsune batzuk, halere. Nagusiki gizonezkoenak direlako bildumako piezarik gehienak, eta «oso gutxi» direlako Europatik eta Ipar Amerikatik kanpoko lurraldeetako artistek sortutakoak ere. Bilduma osatzen duten 140 piezetako 26 obra bakarrik dira emakumezkoek sortutakoak, eta 17 dira bilduman dauden emakumezko artistak. Euskal artistei dagokienez, hirutik batekoa da proportzioa, Bidartek esan duenez —28 euskal artista daude guztira bilduman—.

Edonola ere, datu horiek zuzentzeko borondatea azaldu du museoko zuzendariak, eta uste du kopuruen ikuspegi «estatikoa» bakarrik aztertu beharrean ikuspegi «dinamikoa» ere kontuan hartu behar dela. Azaldu duenez, justu azken urteetan erositakoa da bildumaren parte diren emakumezko artisten lanen parterik handiena.

Guggenheim efektuaren arrakasta

Bilboko Guggenheim museoaren ereduari buruz gogoeta egiteko ere baliatu du erakusketaren aurkezpen ekitaldia Bidartek. Haren ustez, adibide «paradigmatikoa» da Bilbokoa, kulturak lurralde oso baten eraldaketan egin dezakeen motor lana azaltzeko. «Proiektu disruptibo bat izan daiteke kulturaren esparruaz harago doazen beste hainbat alorretan eragiteko katalizatzaile moduko bat».

Bilbokoa ertz askotako fenomenoa izan dela aipatu du, ordea, eta, onartu du maiz Guggenheim efektua sortzeko helburuaren atzetik abiatu diren beste hainbat proiektuk ez dutela hori kontuan hartu. Eta hor egin dute huts. «Proiektua bere konplexutasunean kontuan hartu denean, emaitzak positiboak izan dira, eta badira aipa daitezkeen adibideak. Baina batzuetan Guggenheim kasua ez dute ulertu, edo oso era partzialean soilik ulertu dute, eta erakunde bat sortu dute, baina haren bideragarritasuna kontuan hartu gabe, edo eraikin gutxi gorabehera ikusgarri bat sortu dute, baina haren erabilera kontuan hartu gabe. Ez ditut aipatuko, baina badira efektu negatibo hori erakusten duten kasuak ere».

«Argi genuen hau ez zela frankizia bat»

Lehen urteetan Bilboko Guggenheim museoaren ereduak piztutako zalantzak ere izan ditu gogoan Bidartek. Baina, haren hitzetan, mende laurdeneko ibilbidearen ostean, gaindituta geratu dira guztiak. «Oso argi izan genuen hasieratik hau ez zela frankizia eredu bat, eta gure helburua ez zela New Yorken eta Venezian ongi egiten ari zirena imitatzea, baizik eta zerbait bereizia eta berezia sortzea, bakarra izango zena, eta, era berean, Guggenheim erakundeen familiaren parte izatearen onurak izango zituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.