Literatura

Patxi Zubizarretak irabazi du Augustin Zubikarai saria

Zortzi lan aurkeztu dira Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten literatura sariketara.

Patxi Zubizarreta, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONANEDA / FOKU
mikel lizarralde
2022ko urriaren 19a
12:27
Entzun

Patxi Zubizarretaren Gau otsoa nobela proiektuak irabazi du Augustin Zubikarai saria; Ondarroako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute sariketa hori. Zortzi lan aurkeztu dira aurten, eta, horien artean, Zubizarretaren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria hilaren 27an emango diote, arratsaldeko seietan, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur amuak izeneko jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztuko da iazko proposamen irabazlearen emaitza: Mikel Alvarez Sarriegik idatzitako Euskalia eleberria.

Zubizarretak insomnioa hartuko du bere lanaren ardatz, «gizartean guztiz zabaldutako gaitza eta, aldi berean, gizartearen erretratua egiteko balio duen sintoma». Kontakizunean, Adela izango da protagonista, 45 urteko kazetaria, banandua eta ume baten ama. Insomnioari buruzko erreportaje bat egin behar du Adelak, lan egiten duen aldizkariarentzat, eta horixe izango da eleberriaren abiapuntua, gero hainbat pertsonaia, sare eta abarretan korapilatuko dena. «Laburbilduz: begirada zorrotz bezain originala geure buruari eta munduari, idazkera gozo bezain aberats batean emana, umorez eta kultur erreferentziaz josia», azaldu du epaimahaiak.

Patxi Zubizarreta 1964an jaio zen, Ordizian (Gipuzkoa), eta Gasteizen bizi da aspaldidanik. Euskal Filologia ikasitakoa da, baina idazletzari guztiz emana dago. Obra ugaria sortu du, bai helduentzat bai, batik bat, haur eta gazteentzat, eta ezin konta ahala sari irabazi ditu. Besteak beste, haur eta gazte literaturako Euskadi Saria lau aldiz. Itzulpenak ere egin izan ditu, eta beste artista zenbaitekin batera ondutako ikuskizun eta errezitalak ere bai.

Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu zen, eta nobelak sortzeko beka bihurtu. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:

2010: Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume)
2011: Itxaso Araque, Damutzen ez direnak
2012: Garbiñe Ubeda, Hobe isilik
2013: Garazi Kamio, Orube abandonatuak
2014: Jasone Osoro, 12etan bermuta
2015: Miren Gorrotxategi, 33 ezkil
2016: Katixa Agirre, Amek ez dute
2017: Xabier Etxeberria, Berriro itzuliko balitz
2018: Eneko Barberena, Afrikanerrak
2019: Idoia Garzes, Mendiko gaitza
2020: Lander Garro, Faith
2021: Mikel Alvarez Sarriegi, Euskalia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.