Adierazpen askatasuna

Haselen aldeko protestetan atxilotutako lau gazteri bederatzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete

Akordioa sinatu dute Fiskaltzarekin. Iazko otsailean Iruñean izandako istiluen harira atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Beste bi gaztek ez dute akordioa sinatu, eta haiek epaitzen ari dira.

Pablo Haselen atxiloketa gaitzesteko manifestazioa, Iruñean, 2021eko otsailaren 20an. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urriaren 19a
13:11
Entzun

Iruñean, epaimahaiarekin akordio bat erdietsi dute Pablo Haselen atxiloketaren aurkako protesten harira atxilotu zituzten lau gaztek: bederatzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorrak ezarri dizkie zigor arloko epaitegiak. Mehatxuak egitea, desordena publikoak eragitea eta Poliziak zauritzea egozten diete.

Haietako hiruk kalte ordainak ere ordaindu beharko dituzte (denera 17.000 eurotik gora eskatzen zituen Fiskaltzak), kalteak eragiteagatik kaleko zortzi ibilgailuri eta poliziaren hiru autori, edukiontziak erretzeagatik eta fatxada bati ere kalteak eragiteagatik.

Beste bi gaztek, ordea, ez dute akordiorik erdietsi, eta haiek epaitzen ari da epaitegia.

Bederatzi atxilotu

Denera, bederatzi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak 2021eko otsailean eta martxoan. Guztiak otsailaren 20an Iruñean egin zen protestaren osteko istiluekin lotuta. Egun hartan bertan atxilotu zituen bi, eta martxoaren hasieran beste zazpi.

Aste hartan sartu zuten kartzelan rap kantari katalana, «terrorismoari gorazarre» eta «Koroari eta Estatuko erakundeei irain» egin izana egotzita. Horrek haserrea eragin zuen hainbat tokitan —istiluak izan ziren Bartzelonan eta Madrilen—: besteak beste, Euskal Herrian. Iruñean eta Bilbon izan ziren protesta eta istilu nagusienak, eta elkarretaratzeak egin zituzten beste hainbat herritan ere.

Iruñean, Iruñerriko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deitu zuen protesta. Errekoleten plazatik abiatu zen ia mila lagun bildu zituen manifestazioa, eta Sarasate pasealekuan bukatu zen. Adierazpen askatasunaren aldeko eta polizia indarren aurkako aldarriak egin zituzten han. Manifestazioa amaitutakoan izan ziren istiluak. Espainiako Poliziak hasieran jakinarazi zuenez, bi lagun atxilotu zituen, eta hiru poliziak zauri leunak izan zituzten.

Iruñerriko GKSk salatu zuenez, Poliziaren presentzia «itogarria» izan zen arratsaldetik, eta agenteek jarrera oldarkorra eta probokatzailea izan zuten hasieratik, «ondoren gertatuko zenarentzat testuingurua prestatuz». Haien arabera, mobilizazioak «oinarrizko askatasunen urraketaren eta hondamendi ekonomiko eta sanitarioak eragindako ezinegonaren» ondorio izan ziren.

Alderdiek eta erakundeek istiluen aurka egin zuten, bai Bilbon, baita Iruñean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.