Hezkuntza

Hezkuntza Lege aurreproiektuaren kontrako grebara deitu dute ELAk, LABek eta Steilasek

Azaroaren 30erako eta abenduaren 14rako antolatu dituzte grebak, eta kalean hainbat mobilizazio egingo dituzte.

Iturrioz, Tobar eta Zubizarreta, agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 21a
12:06
Entzun

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek ez dute gogoko EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektua. Aurkeztu den zirriborroa aztertuta, «egungo hezkuntza eredu duala betikotu» egiten duela irizten diote, eta pentsatzen dute ez duela urratsik egiten sindikatuek aldarrikatzen duten «sare publiko bakar, euskaldun eta propioa» lortzeko bidean. Horregatik, mobilizazioak iragarri dituzte aurreproiektuaren kontra, eta eskatzeko «langileekin» egin dezatela behin betiko legea.

Azaroaren 30ean eta abenduaren 14an greba egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan. Gainera, mobilizazioak egingo dituzte, eta hezkuntza arloko langile guztiei deituko diete horietara. Azaroaren 30ean, mobilizazio nagusia Bilbon izango da, eta abenduaren 14an, berriz, Gasteizen. Mobilizazio biak eguerdian egingo dituzte, eta arratsaldean, berriz, herrialde mailako manifestazioak hiriburuetan.

Hiru sindikatuen ustez behin betiko legeak jaso beharko lituzkeen edukiak ere zehaztu dituzte. «Publikoa ardatz izango duen Hezkuntza Legea» nahi dute, egungo sistema duala gainditu eta «euskal hezkuntza sistema publiko eta propio baterako bidea» sustatuko duena. Halaber, segregazioari aurre egin eta «gizarte kohesioa» bermatuko duen legea eskatzen dute, horretarako neurri zehatzak ezarriko dituena, ELAko Miren Zubizarretak, LABeko Irati Tobarrek eta Steilasko Nagore Iturriozek esan dutenez.

Titulartasun pribatuko ikastetxeetako hezkuntza komunitateak sare publikoan integratzeko «marko eta araudi oroko eta adostua» ezarri nahi dute sindikatuek. Hezkuntza Lege «propioa» eskatu dute, hau da, hezkuntzaren inguruko eskumenak bere gain hartuko dituena, langile multzo propioa izateko aukera izango duena, eta Euskal Herria «erreferentzia esparrutzat» izango duena. Inbertsio eta baliabide gehiago ere eskatu dituzte.

Euskara, «erdigunean»

Euskarari dagokionez, hura «erdigunean» jarri nahi dute sindikatuek: «Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu orokortu eta inklusibo bakarra behar da, eta hizkuntza ereduak desagerrarazi behar dira».

Sindikatuek galdegin dute Hezkuntza Legeak «betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak» jasotzea, langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatzea, eta «merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at» egotea.

Horretaz gain, ELAk, LABek eta Steilasek beharrezkotzat jo dute legea «parte hartzailea» izatea eta langileak «aintzat» hartzea, horretarako «negoziazio esparruak» zabalduz.

Legearen behin betiko dokumentuak eskakizun horiek jasoko ez balitu, sindikatuek mobilizazio gehiagori ekingo liokete, egitasmoak Eusko Legebiltzarrean bidea egin bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.