Literatura

Frankfurteko Azoka Alternatiboa martxan da asteazkenetik, euskaldun, katalan eta galiziarren topagune izateko

Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azoka izaten ari da egunotan. Urtero, azokak herrialde bat aukeratzen du ohorezko gonbidatu izateko, eta Espainia hautatu dute aurten. Horri erantzuteko, Beyond Spain ekimena sortu dute, eta egitarau alternatiboa antolatu.

Beyond Spain ekinbideak antolaturiko hitzaldietako baten irudia. PETRA ELSER
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urriaren 21a
13:00
Entzun

Literaturaren paradisua da askorentzat, urtero, Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azoka. Munduko liburu azoka entzutetsuenetako bat da Alemaniako hori, eta konta ahala ezin solasaldi, emanaldi eta aurkezpen izan ohi dira aldi guztietan; hala izaten da aurten ere, Espainia ohorezko herrialde gonbidatua delarik. Izendapen horrekin pozik ez, eta hainbat kulturgilek azoka alternatiboa antolatu dute igandera bitarte: Beyond Spain.

Herrialde Katalanen, Euskal Herriaren eta Galiziaren bilgune izateko sortu da azoka alternatiboa. Katalanez, euskaraz eta galizieraz sorturiko lanen bozgorailu eta erakusleiho izan dadin.

Besteak beste, Petra Elser itzultzaile alemaniarra ibili da azoka antolatzen. Buru-belarri da orain lanean, baina «pozik»; izan ere, dioenez, ari dira zituzten asmoak erdiesten. «Bilgune bat gara, eta horren barrenean gaude katalanak, euskaldunak eta galiziarrak; baita aleman batzuk ere. Hemen, tokia dute geure nortasunek, geure hizkuntzek, eta geure ikuspegiek, eta badugu horiek zabaltzeko aukera, libreki. Ez gaude beharturik beste inoren eskemaren barruan kabitzera», azaldu du.

Izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez, asmoa ez da Nazioarteko Liburu Azokari boikot egitea, ezta zuzenean hura kritikatzea ere. Kontrara, aurtengo ohorezko gonbidatu Espainiarekin kritiko izatea da helburua. Hain zuzen ere, agerian uztea hark nazioartean eman nahi izaten duen irudiak ez duela bat egiten errealitatearekin.

«Espainiak aniztasunean bizi den herri bat aurkezten du, hainbat hizkuntza dituena. Hori guztia erabiltzen du kanpora begira itxura polita izateko, baina, jakina denez, hizkuntza politikek erakusten dute errealitatea oso urrun dagoela horretatik», salatu du Elserrek.

Egitarauari erreparatu, eta ageri dira katalan, euskaldun eta galiziar batzuk parte hartzaileen zerrendan. Esaterako, Bernardo Atxagak solasaldia izan du gaur eguerdi partean. Gutxi dira, ordea, eta, Elserren iritziz, halako sortzaile gehiago gonbidatu izanak ere ez luke konponduko problema. «Kontua da guk ez dugula egon nahi zaku horretan. Berezko kultura eta nortasunak ditugu, eta hori oinarri izanda nahi dugu egon azokan». Ez baitute agertu nahi Espainiako hizkuntzak balira bezala. «Euskara, katalana eta galiziera; aparte», zehaztu du.

Solasaldi, irakurraldi, kontzertu eta beste

Beyond Spainek egitarau mardula ondu du herritarrentzat. Esate baterako, gaur, 18:00etan, Ez gara zuen loreontzia. Euskara, katalana eta galiziera: hezkuntza eskubidearen aldeko ekimenak eta estrategiak solasaldia eginen dute 2. gunean. Hiru hizlarik hartuko dute parte: Fito Rodriguez, Marcos Maceiras eta Plataforma per la Llengua ekinbideko kide bat. Iluntzerako, Irakurraldiaren gaua antolatu dute. 20:00etan hasiko dira.

Biharko ere jarduera ugari dira antolaturik. 15:00etan, Carlos Callonen O ligro negro de la lingua gallega irakurriko dute ahots goran, idazleak berak gidaturik. 16:00etan, berriz, Virgit Vanderbeke idazle alemaniarra omenduko dute, irakurraldi baten bidez. Laura Mintegi euskal idazle eta politikariak eginen du gidari lana.

Politikari ere helduko diote, estu-estu. Arratsaldean, 18:00etan hasita, erabakitzeko eskubidearen aldeko solasaldia eginen dute azokan. «Oso interesgarria izango da besteen egoeraren berri izateko, bereziki alemaniarrentzat», zehaztu du Elserrek. Halaber, larunbat gaua musika bidez goxatuko dute. Kontzertu hirukoitza antolatu dute: Dios Ke Te Crew, La Basu, eta Trap With Moderation & El Noi de Tona ariko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.