ERRESUMA BATUA

Sunak toryen lider berriak «lehentasun nagusitzat» du alderdia eta herrialdea batzea

2020tik 2022ra bitarte Ogasun ministro izandakoak irabazi ditu Alderdi Kontserbadoreko primarioak, eta Erresuma Batuko lehen ministroa izango da. Penny Mordauntek ez du behar besteko babesa lortu toryen barne bozetan lehiatzeko.

Sunak, gaur. TOLGA AKMEN / EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 24a
13:16
Entzun

Rishi Sunak da Alderdi Kontserbadorearen lider berria, eta, hortaz, Erresuma Batuko lehen ministroa izango da. Haren hautagaitza soilik aurkeztu dute toryen primarioetara, Penny Mordauntek azkenean ez baitu lortu horietan lehiatzeko beharrezkoa zen babesa. Horrenbestez, Liz Trussen lekukoa hartuko du 2020ko otsailetik aurtengo uztailera bitartean Ogasun ministro izandakoak. Bihar da karguaren zina egitekoa, Charles III.a Erresuma Batuko erregearen aurrean.

Alderdia zatituta dagoela eta Erresuma Batua atzeraldi ekonomiko batean sartzeko bidean dagoela hartuko du kargua, eta, hain zuzen, horri egin dio erreferentzia Alderdi Kontserbadorearen egoitzan egindako agerraldian. «Erronka ekonomikoa oso handia da. Batasuna eta egonkortasuna behar ditugu», nabarmendu du. Hain zuzen, agurreko adierazpenean Trussek argudiatu zuen nazioartean-eta ekonomikoki abagunea «ezegonkorra» izateak ez diola lagundu zeregin horretan. Sunakek azpimarratu du bere «lehentasun nagusia» izango dela alderdia eta herrialdea batzea. «Horrela bakarrik aurre egin ahal izango diegu erronkei». Oso laburra izan da toryen lider berriaren adierazpena, eta ez du galderarik onartu. Jendaurrera agertu aurretik diputatu kontserbadoreekin bildu da, eta, Erresuma Batuko hedabideek kaleratu dutenez, adierazi du ez dituela hauteskundeak aurreratuko, oposizioak eskatu bezala. Azkeneko inkesten arabera, Alderdi Laboristak botoen %50etik gora bilduko ditu hurrengo hauteskundeetan

Erresuma Batuak azkeneko lau hilabeteotan edukiko duen hirugarren lehen ministroa izango da. Boris Johnsonek uztailean dimititu zuen, eta Trussek aurreko ostegunean. Are gehiago: azken sei urteotan toryek izango duten bosgarren gobernuburua da. 42 urte ditu, eta izango da 1812az geroztik Erresuma Batuak izan duen lehen ministro gazteena, baita asiar jatorriko aurrenekoa ere. Gurasoen aldeko bi aitona-amonak Indiakoak ziren.

Winchester ikastetxe elitistan egin zuen batxilergoa, eta Zientzia Politikoak, Filosofia eta Ekonomia uztartzen dituen ikasketak Oxfordeko Unibertsitatean. 2001ean lizentziatu zen, eta hurrengo hamarkadan zenbait finantza erakundetan lan egin zuen; besteak beste, Goldman Sachsen, Theleme Partnersen eta Catamaran Venturesen. 2010ean hasi zen Alderdi Kontserbadorearentzat lan egiten, eta bost urte geroago Komunen Ganberako diputatu aukeratu zuten. Hurrengo urtean, brexit-ari buruzko bozketan, dibortzioaren alde agertu zen, eta, horrenbestez, kontserbadoreen artean eskuinekoena den adarraren tesiarekin bat egin zuen.

Ogasun Ministerioko buru izan zen bitartean, leporatu zioten herritarrei emandako laguntzak ez zirela nahikoa izan, kontuan hartuta inflazioa nolakoa izaten ari zen. Haren asmoa da zergak handitzea inflazioa are gehiago igo ez dadin, eta ekonomia hazteko bidean jartzea, nahiz eta ez duen iragarri zer neurri hartuko dituen horretarako.

Mordaunt ez da iritsi

1922 Batzordeak —gobernuan ez dauden diputatu kontserbadoreak biltzen ditu organo horrek, eta barne bozak antolatzen ditu— pasa den astean Trussek dimititu ondoren zehaztutako prozeduraren arabera, kontserbadoreek Komunen Ganberan dituzten 357 diputatuetatik gutxienez ehunek babestu behar zituzten hautagaitzak, eta, Erresuma Batuko hedabideek toryen iturriak aipaturik kaleratutako informazioen arabera, Sunakek 182ren babesa lortu du, gutxienez; diputatu toryen erdia baino gehiagorena, alegia. Mordaunt Komunen Ganberako kontserbadoreen lider eta 2019an Defentsa ministro izandakoak ere bazuen hautagaitza aurkezteko asmoa, baina ez du babes nahiko lortu. Jendaurrean 30 batek esan dute babesten zutela, baina beren kanpainako bozeramaileek 12:30 inguruan esan dute 90 zirela —14:00etan ixten zen epea—. Mordauntek lehian jarraitu izan balu, alderdiaren militanteek, 160.000 bat pertsonak, aukeratuko zuten lider berria, bozka bidez.

«Aurrez inoiz izan ez bezalako garaiak dira hauek. Lidergorako primarioen egutegi estua gorabehera, argi dago kideek sentitzen dutela gaur-gaurkoz ziurtasunak behar ditugula», nabarmendu du Mordauntek, ohar batean. Trussek bere hutsegiteek eta alderdiaren kaosak bultzatuta dimisioa eman eta hurrengo egunean iragarri zuen hautagaitza aurkezteko zela, eta iruditzen zitzaion ehun diputaturen babesa lortuz gero aukerak edukiko zituela oinarrien artean izen ona baitu.

Ikusi gehiago: Trussek dimisioa eman du, egindako hutsegiteek eta toryen kaosak bultzatuta

Sunakek atzo goizean iragarri zuen aurkeztekoa zela. «Alderdiak hartzen duen erabakiak zehaztuko du britainiarren hurrengo belaunaldiak aurrekoak baino aukera gehiago edukitzea», azpimarratu zuen, ohar batean. «Horregatik aurkezten naiz Alderdi Kontserbadorearen lidergoa hartzeko eta hurrengo lehen ministroa izateko. Ekonomia zuzendu nahi dut, alderdia batu, eta herrialdearekin ditugun konpromisoak bete nahi ditut». Johnsonek joan den uztailean dimisioa eman ondoren egindako primarioetan, Sunaken hautagaitzak izan zuen botorik gehien diputatuen artean, baina militanteek Trussen alde egin zuten. Aparatuaren babesa dauka Ogasun ministroa izandakoak.

Ikusi gehiago: Alderdikideak akusatuz dimititu du Boris Johnsonek

Ostiralean hedabideak adierazten hasi ziren Boris Johnson lehen ministro izandakoa ere (2019-2022) hautagaitza aurkeztekoa zela. Dominikar Errepublikan oporretan zegoen, eta larunbatean Erresuma Batura itzuli zen. Atzo gauean jakinarazi zuen, ordea, uko egin diola, nahiz eta, haren esanetan, 102 diputatu toryren babesa lortu duen. «Modu sinple batean esanda, ez litzateke zuzenena izango», nabarmendu zuen, ohar batean. «Ezin da modu eraginkor batean gobernatu, Komunen Ganberan alderdia batuta ez baldin badaukazu». Hain zuzen, toryen barne kaosa izan zen Truss dimititzera bultzatu zuten arrazoietako bat. Johnsonek dimisioa eman baino pare bat egun lehenago utzi zuen kargua Sunakek.

Ikusi gehiago: Sunak eta Truss lehiatuko dira irailean toryen liderra izateko

Oposizioak bozetara deitzeko eskatu zuen Trussek dimisioa eman ondoren, eta mezu hori bera plazaratu du gaur Angela Rayner laboristen liderraren albokoak. Sunaki egotzi dio hauteskundeak «saihestu» nahi dituela, zein programa duen jakinarazi gabe aukeratu baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.