Etiopiako gerra

Etiopiako Gobernua eta TPLF lehen aldiz batzartuko dira bakea negoziatzeko

Addis Abebaren eta Tigrayko alderdi-miliziaren ordezkariak gaur dira elkarrizketak hastekoak, Afrikako Batasunaren bitartekaritzari esker.

Gerrako errefuxiatu batzuk Dessie herrian (Etiopia), artxiboko irudi batean. STR / EFE
ander perez zala
2022ko urriaren 24a
13:55
Entzun

Orain arte egindako saiakerarik serioena da: gerra hasi zenetik lehen aldiz, Etiopiako Gobernuak eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteak bake negoziazioak hasiko dituzte gaur, Hegoafrikan, AB Afrikako Batasunaren bitartekaritzari esker. Addis Abebak «gerra amaitzea» jarri du helburutzat elkarrizketa horietarako, eta TPLFk, berriz, «berehalako su etena eta laguntza humanitarioa» bermatzea Tigrayrako, baita Eritreako armada gatazkatik ateratzea ere.

Ikerlarien eta GKE gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 380.000 eta 600.000 zibil artean hil dituzte 2020ko azaroan gatazka hasi zenetik hona, eta milioika dira etxetik ihes egin behar izan dutenak. Gainera, gosetea handitu egin da Tigrayn, batez ere Addis Abebak eremu hori erabat bakartu zuenetik.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Tigrayko sei milioi lagunetatik 5,2 milioik behar dute laguntza humanitarioa, eta horietako 2,4 milioik «erabateko janari falta» dute —sendagaiak ere falta dituzte, esaterako—. Testuinguru hori ikusirik, nazioarteko erakundeek eta gobernuek bakea negoziatzera deitu zituzten bi aldeak, batez ere abuztu amaieran bost hilabeteko menia hautsi eta borrokak berriz hasi zirenetik —bi aldeek elkarri egotzi zioten hori gertatu izana—; Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak, esaterako, esan zuen egoera «kontrolik gabea» dela.

Gaur abiatzekoak diren negoziazioez, ABren Bake eta Segurtasun Kontseiluak joan den ostiralean adierazi zuen «emaitza emankor baterako espektatibak» dituela, eta bi aldeei eskerrak eman zizkien bake prozesuan parte hartzeko harturiko «konpromisoagatik». Berez, elkarrizketak hilabete hasieran ziren hastekoak, baina, arazo «logistikoak» argudiatuta, bi aste atzeratu behar izan zituzten.

TPLFkoak konbentzitzea izan zen erronketako bat, Tigrayko matxinoak ez baitira erabat fio bitartekarietako batez, Nigeriako presidente ohi Olusegun Obasanjoz, uste baitute Etiopiako lehen ministro —eta 2019ko Bakearen Nobel saridun— Abiy Ahmeden gertukoa dela. Hori bai, Obasanjo ez da bakarrik egongo zeregin horretan, Phumzile Mlambo-Ngcuka Hegoafrikako presidenteorde ohiak eta Kenyako estatuburu izandako Uhuru Kenyattak ere parte hartuko baitute solasaldietan.

Reuters albiste agentziaren eta Bloomberg hedabidearen arabera, Tsadkan Gebretensae TPLFren jeneralak eta Getachew Reda alderdi-miliziaren bozeramaileak osatzen dute, besteak beste, Tigrayko matxinoek Hegoafrikara bidalitako ordezkaritza; Etiopiako Gobernuari dagokionez, Redwan Husein Segurtasun Nazionalerako aholkularia da elkarrizketa mahaiaren beste aldean egongo diren negoziatzaileetako bat. Horrez gain, ezer gutxi jakin da solasaldiez, ABk ez baitu xehetasunik eman.

Armada federala, aurrera

Gerra frontean, sekulako aldaketak izan dira gatazka hasi zenetik hona. Duela urtebete inguru, TPLFkoak eta haren aliatuak Etiopiako hiriburutik gertu zeuden, baina, hilabeteek aurrera egin ahala, Etiopiako armadaren kontraerasoak geroz eta arrakasta handiagoa izan zuen, eta matxinoak atzera botatzea lortu zuen.

Are, gaur hastekoak diren elkarrizketen bezperan, Addis Abebak gidatzen dituen militarrek, Eritreako armadaren laguntzari esker, Tigrayko hiru herriren kontrola bereganatzea lortu zuten: iparraldeko Shire —herririk handienetako bat da, eta aireportu bat du—, eta hegoaldeko Alamata eta Korem —errepide estrategiko bat horietatik pasatzen da—.

Etiopiako talde etniko nagusiak tentsiozko botere lehian bizi dira. 1991tik TPLF gobernu nazionalean egon zen, harik eta 2018an EPRDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen arte: Abiy.

Ikusi gehiago:Abiyren apustua

Izan ere, lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, eta EPRDF frontea amaitutzat jo. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren erakunde berri horretara, TPLF izan ezik. Haustura horretaz geroztik, Tigrayren eta gobernu federalaren arteko tentsioa nabarmena izan da, eta iazko azaroan oposizioko bederatzi alderdik Abiyren kontrako aliantza politiko bat —Etiopiako Indar Federalisten eta Konfederalisten Fronte Batua— osatzeak are gehiago zaildu du egoera.

Gerra 2020ko azaroan hasi zen, Etiopiako lehen ministroak armada Tigrayra bidaltzea erabaki zuenean; TPLFri egotzi zion militar federalen base bati eraso egin ziola, eta ustezko eraso horri erantzuteko hartu zuen erabakia.

Bi aldeek elkarri egotzi diote gatazka piztea: TPLFk Abyri leporatu dio boterea zentralizatu nahi izatea, eta Etiopiako lehen ministroak kontrakoa alderdi-milizia tigreari, boterea berreskuratzeko asmoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.