Lan merkatua

Langileen %25ek erretiroa hartuko dute hamar urteko epean

Confebaskek neurriak eskatu ditu langile etorkinen sarrera errazteko eta jaiotze tasak igotzeko. 400.000 langile beharko dira 30 urtean.

Pakistango bi mahats biltzaile Lapuebla de Labarcan. D. A. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 24a
18:18
Entzun

Confebaskek lan munduko immigrazioa erraztuko duten neurriak eta jaiotze tasa igotzeko laguntzak eskatu ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalak erronka demografikoaren inguruko ikerketa egin du, eta ondorio argi bat plazaratu du: «Egun Euskadin dagoen oparotasun mailari eusteko, 400.000 pertsona txertatu beharko ditugu lan munduan hurrengo 30 urteetan». Arazo demografikoa agenden erdian jartzeko eskatu die erakunde publikoei eta enpresariei, eta «estrategia bateratu bat» aldarrikatu du.

Euskal enpresak eta erronka demografikoa jardunaldietan plazaratu du bere ardura Confebaskek. Eduardo Aretxaga zuzendariak egin du egoerarendiagnosia. Haren arabera, hamar urteko epean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %25ek erretiroa hartuko dute, eta %70ek hiru hamarkadatan.

Ondo bidean, hurrengo belaunaldiek bete beharko lituzkete hutsune horiek, baina egungo jaiotze tasekin 240.000 lanpostu galduko lirateke 2050erako. Egungo 976.000 langileak 760.000 izango dira. Horiek hala, hutsunea betetzeko 237.000 langile beharko lirateke, eta beste 144.000 «hazkunde ekonomikoa sendotzeko».

Aretxagak «negu demografiko» gisa deskribatu du egoera hori: «Ondorio oso kaltegarriakizango lituzkeelako. Zenbat eta demografia txikiagoa izan, orduan eta garapen ekonomiko txikiagoa, eta, horrenbestez, ongizate maila txikiagoa». Horren harira, beste xehetasun argigarri bat eman du: «Euskaditik kanpo bizi diren euskal jatorriko 98.000 langileak itzuliko balira ere, ez genuke arazoa konponduko».

Migrazio eskuduntza
Diagnosiaren ondoren, Isabel Busto Confebaskeko presidenteak arazoari aurre egiteko konponbideak proposatu ditu. Bi dira ardatzak: jaiotze tasa handitzeko neurriak eta lan immigrazioa erraztea. Azken horretan jarri du arreta, eta salatu du traba burokratikoak arazo handia direla.Alde horretatik, migrazio politikaren eskuduntza osoa Jaurlaritzaren esku gelditzea eskatu du, «lan eta erresidentzia baimenak hemen kudeatu ahal izateko». Gai berean, nabarmendu du eskertuko litzatekeela agiri guztiak egiteko «leihatila bakarra» egotea: «Pertsonak iristea erraztu behar da».

Bustoren ustez, «Euskadik bere burua hobeto saldu behar du», alegia, atzerriko langileentzat erakargarriagoa bihurtu. Baina nola? Esaterako, pizgarri fiskal gehiago ezarriz atzerriko langileentzat: «Talentuaren kaptazioan gure lehiakide diren herriek egiten duten bezala». Confebasken arabera, egun enpresen hiru laurdenek arazoak dituzte langile kualifikatuak kontratatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.