Erresuma Batua

Sunakek esan du Trussen «hutsegiteak konpontzeko» aukeratu dutela lehen ministro

Rishi Sunak gaur izendatu dute Erresuma Batuko lehen ministro. Ohartarazi du «erabaki zailak» hartu beharko dituela.

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministro berria, gaur, Downing Streeteko 10.ean. TOLGA AKMEN / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 25a
13:37
Entzun

Alderdi Kontserbadorearen lider berria, Rishi Sunak, Erresuma Batuko lehen ministroa da jada. Charles III.a erregeak «bere izenean» gobernua osatzeko eskatu dio gaur. Sunakek onartu egin du eskaria, eta Liz Truss gobernuburu ohiaren lekukoa hartu du ofizialki. Trussek «huts batzuk» egin zituela esan du lehen ministro moduan egin duen lehen mintzaldian: «Nire alderdiko lider eta zuen lehen ministro aukeratu naute, hein batean, hutsegite horiek konpontzeko. Lan hori berehala hasiko da», adierazi du Sunakek gaur, Downing Streeteko 10.era iritsi bezain pronto.

Buruzagi toryak azaldu du «egonkortasun ekonomikoa eta konfiantza» egongo direla bere agendaren «bihotzean». Dena den, ohartarazi du «erabaki zailak» hartu beharko dituela hori lortzeko. Ekonomia arloan, «brexit-ak eman dizkigun aukerak» baliatuko dituela esan du. «Eskola hobeak, kale seguruagoak, gure mugen kontrola eta ingurumenaren babesa» izango dira haren gobernuaren jardunaren ardatz nagusiak, azaldu duenez.

Azken sei urteotan toryek izan duten bosgarren gobernuburua da Sunak. «Nire alderdiak 2019an eskuratu zuen agindua ez da norbanako baten jabetza: agindu hori denoi dagokigu», adierazi du lehen ministro berriak. Esan du bere helburu nagusia «konfiantza berrezartzea» izango dela, «gertatu den guztiaren ondoren». Herrialdea «batzeko» borondatea ere erakutsi du: «Ez hitzekin, ekintzekin baizik».

Hunt, Ogasun ministro

Jeremy Huntek Ogasun ministro izaten jarraituko du Sunaken kabinetean. Trussek izendatu zuen kargu horretarako, aurrekoak dimisioa aurkeztu baitzuen zergen jaitsierak merkatuetan eta toryen artean eragindako «haserrearen» ondorioz. Hunten helburua Trussen zerga politika «zuzentzea» izan zen.

Dominic Raab, berriz, lehen ministrordea eta Justizia ministroa izango da. Boris Johnsonen kabinetean kargu berak izan zituen.

Ikusi gehiago: Sunak toryen lider berriaren «lehentasun nagusia» da alderdia eta herrialdea batzea

2020ko otsailetik aurtengo uztailera bitartean Ogasun ministro izandakoa atzo bihurtu zen Alderdi Kontserbadoreko lider. Haren hautagaitza baino ez zuten aurkeztu atzo toryen primarioetara, Penny Mordauntek azkenean ez baitzuen lortu horietan lehiatzeko beharrezkoa zen babesa.

Erresuma Batuak azkeneko lau hilabeteotan eduki duen hirugarren lehen ministroa da Sunak. Johnsonek uztailean eman zuen dimisioa, eta Trussek, aurreko ostegunean. 42 urte ditu Sunakek, eta 1812tik Erresuma Batuak izan duen lehen ministrorik gazteena da, baita asiar jatorriko aurrenekoa ere. Gurasoen aldeko bi aitona-amonak Indiakoak ziren. Parlamentuko diputaturik aberatsena ere bada: 700 milioi libera inguru dituzte Sunakek eta haren emazteak, Akxata Murty enpresariak.

Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak «zoriondu» egin du Sunak, asiar jatorria duen aurreneko lehen ministroa izanda «historia egiteagatik». Dena den, hauteskundeak antolatzeko eskatu du: «Toryek ekonomia suntsitu dute, soldata apalekin, prezio handiekin eta bizitzaren kostuaren krisiarekin. Jendeak beste hasiera bat behar du, eta Britainia Handiaren etorkizuna erabaki». Azkeneko inkesten arabera, Alderdi Laboristak botoen %50etik gora bilduko lituzke hauteskundeak gaur eginez gero.

Micheal Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroak Sunaki eskatu dio «soluzio bateratuak azkar adosteko» Europako Batzordearekin, Ipar Irlandarako Protokoloa aldatzeko. Erantzukizuna partekatzen dutela ohartarazi dio Erresuma Batuko lehen ministroari. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere «zoriondu» egin du Sunak, eta adierazi du «espero» duela Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harremana «indartsua» izatea.

Trussek, autokritikarik ez

Sunak gobernuburu bihurtu baino minutu batzuk lehenago utzi dio gaur Liz Trussek Erresuma Batuko lehen ministro izateari. Goizean egin du bere kabinetearen azken bilera, eta Buckingham jauregira joan da, Charles III.ari bere dimisioa aurkeztera. Downing Streeteko 10.enetik irtetean egin du azken hitzartzea lehen ministro moduan. Adierazi du beretzat «ohore bat» izan dela lehen ministro izatea, eta «inoiz baino argiago» duela herrialdearen erronkei «aurre» egin behar zaiela. Bere gobernuaren jarduna goretsi du, eta ez du autokritikarik egin; mintzaldi laburra egin du.

Ikusi gehiago: Trussek dimisioa eman du, egindako hutsegiteek eta toryen kaosak bultzatuta

Hala ere, dimisioa eman baino lehen, «barkamena» eskatu zuen Trussek aurreko astean, «hutsegiteengatik». Azken 50 urteetako zerga jaitsierarik handiena bultzatu zuen Trussek bere agintaldi laburrean, eta hori finantzatzeko, herrialdea zorpetzea proposatu zuen. Merkatuak eta Alderdi Kontserbadorea aurka azaldu zitzaizkion, eta izendatu zuen Ogasun ministro berriak —Jeremy Huntek— Trussen zerga politika «zuzendu» zuen. Handik gutxira aurkeztu zuen dimisioa Erresuma Batuko historiko agintaldirik laburrena izan duen lehen ministroak.

«Gure herrialdea ekaitz bati aurre egiten ari zaio oraindik», ohartarazi du lehen ministro ohiak. Ekaitzaren aurka «arrakasta» opa dio Sunaki, «herrialdearen mesederako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.