Hautagaiak

Emakumeak erakundeen «lehen lerroan» jarri nahi ditu EAJk

Alderdiak «autokritika» egin duela ziurtatu du Ortuzarrek, urte askoan «gizon gehiegi» eduki dituelako hautagai gisa

Andoi Ortuzar EAJren Alderdi Egunean. DAVID AGUILAR / EFE
xabier martin
2022ko urriaren 26a
12:01
Entzun

Eusko Jaurlaritzan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan, eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udaletan gizonak dira agintari gorenak. Denak EAJrenak. Egoera hori aldatu nahi du Andoni Ortuzar presidente duen alderdiak, eta horretarako urratsa egin duela esan du. Gipuzkoan eta Bizkaian emakumeak aukeratu ditu ahaldungai izateko, Eider Mendoza eta Elixabete Etxanobe hurrenez hurren. Gasteizko Udalerako ere emakume bat ipini du alkategai: Beatriz Artolazabal, egungo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Eusko Jaurlaritzan.

Ikusi gehiago:EAJk hautagaiak iragarri ditu: Mendoza Gipuzkoan, eta Artolazabal Gasteizen

Hautagai horiek ahaldun nagusi eta alkate bihurtuko beharko lukete agintari makilak EAJko emakumeen eskuek har ditzaten, 2023ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, baina, gaur bertan, horretarako urratsa egin duela nabarmendu du EAJko presidente Andoni Ortuzarrek. Esan du EAJrentzat beharrezkoa dela emakumeak erakundeen «lehen lerroan» jartzea, eta «autokritika» egin duela alderdiak, urte askoan «gizon gehiegi» aurkeztu dituelako hautagai gisa kargudun nagusi izateko.

«Lurralde exekutiba guztiek badakite genero aldagaiari erreparatu behar zaiola, eta, emakume hautagaiak edukitzeko, beste batzuk aldatu behar dira», adierazi du Ortuzarrek, Gorka Urtaranen erreleboa azaltzean. Egungo Gasteizko alkateak ez du jarraituko aginte makila lortzeko lehian, EAJren hautagaia Beatriz Artolazabal izango da eta. Urtaranek ez ditu lortu emaitza onak alderdiak martxan jarritako inkesta prozesu batean, eta errelebo hori egitea erabaki du. Gasteizko Udalerako lehia estua egongo da Soziometroaren arabera. Zazpina zinegotzi lortuko lituzkete EAJk eta EH Bilduk, eta seirekin geldituko litzateke PSE-EE, betiere Soziometroak dioenez.

Urtaranen bertuteak

Ortuzarren arabera, Gorka Urtaran eta Araba Buru Batzarrak bat etorri dira egungo egoera interpretatzean: «Bi errealitate batzeko unea dela ikusi dute: emakumeari bide ematearena eta udal ziklo bat amaitzearena». Nolanahi ere, hautagaien proposamenak lurraldeen batzordeek egiten dituztela azpimarratu du EAJko presidenteak, eta militanteen esku dagoela azken erabakia. Urtaran «EAJren aktibo politiko handia» dela gaineratu du, eta ez dela «iraganeko pertsona bat»: «Etorkizun handia dauka».

EAJko presidenteak honela jarraitu du alderdiak hautagaitzatik kendu duen politikariaren bertuteak goratzen: «Ez daude hainbeste pertsona hain prestaturik eta oreka politiko horrekin». Urtaranek «metatzen duen jakintzarentzat» alderdian badela lekua esan du Ortuzarrek; «eta ez bakarra, zenbait baizik».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako EAJk proposatu dituen hautagaiak berresten dituztenean oinarriek, hiru gizon eta hiru emakume izango ditu alderdiak zerrendaburu gisa. Azken udal eta foru hauteskundeetan gizonak izan ziren seiak. Datorren urteko maiatzeko bozetan Ramiro Gonzalez lehiatuko da Arabako ahaldungai gisa, eta Eneko Goia eta Juan Mari Aburto alkategai gisa, Donostian eta Bilbon. Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldungaiak, berriz, Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza izango dira, eta Gasteizko alkategaia Beatriz Artolazabal.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.