Ikurrak

Nafarroako bandera erraldoia arraildu dute haizeteek

Iruñeko Udalak Nafarroako bandera mastatik kendu zuen atzo, kaltetu ostean. Ekainetik zeraman altxatuta; bandera egiten eta hura jartzen 180.000 euro inguru gastatu zituzten.

Nafarroako bandera erraldoia, apurtuta. @MENDIMUNDI
Julen Otaegi Leonet.
2022ko urriaren 26a
14:42
Entzun

Lau hilabete pasatxo. Denbora hori iraun du osorik joan den ekainean Iruñeko Foruen plazan jarri zuten Nafarroako banderak. Erraldoia bandera bera (zortzi metro luze eta hamabi metro zabal, 30 metro luze den mastatik zintzilik), baita Iruñeko Udalak horretara bideratutako dirua: 180.000 euro inguru. Hasierako aurrekontua (100.000 euro) ia bikoiztuta ere, bandera ez da ongi ohitu Iruñeko eguraldira. Joan den irailean hura eraitsi behar izan zuten, izan ziren haizeteengatik. Garaiz ibili ziren, eta bandera ez zen kaltetuta irten.

Ez, ordea, oraingoan. Egunotako haize zakarrak mastaren puntan harrapatu du bandera, eta arraildu egin da. Atzo bertan eraitsi zuen Iruñeko Udalak.

Ikusteko dago zer gertatuko den hilabete batzuez astindu duten bandera erraldoiarekin. Iruñeko EH Bilduk galdera egin dio zuzenean Enrique Maia UPNko alkateari: «Maia jauna, zuk nahi zenuen bandera ordezkatzekotan: zuk ordainduko duzu? Aseguruak ordainduko du? Ala, beti bezala, iruindar guztion artean ordaindu beharko dugu?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.