AEB

Espetxean ia lau hamarkada egon den preso bat askatu dute AEBetan, errugabea dela frogatu ostean

1983an emakume bat hiltzea leporatu zioten. Aurtengo ekainean frogatu dute orduan hartutako DNA lagin bat beste gizon batena dela.

Maurice Hastings. BERRIA
jon ordonez garmendia
2022ko urriaren 29a
11:23
Entzun

Los Angelesko fiskaltzak (AEB) Maurice Hastings aske utzi du ostiral gauean, 38 urte preso egon ondoren. 1983an emakume bat hiltzeagatik zigortu zuten, baina, ia lau hamarkada geroago, DNA froga bati esker frogatu dute Hastings errugabea dela. AEBetako justizia sistemaren biktimak espetxetik atera ondoren adierazi du ez duela atzera begiratu nahi: «Ez dut inor seinalatu nahi. Ez dut nahi saminduta egon. Ahal dudan bitartean bizitzaz gozatu nahi dut. Aurrera jarraitu nahi dut», esan du hedabideen aurrean.

Hastingsek 69 urte ditu orain. Leporatu zioten hilketa 1983an gertatu zen. Roberta Wydermyer hil zuten, eta, horrez gain, Billy Ray haren senarra eta George Pinson senarraren laguna hiltzen saiatzea ere leporatu zioten. George Gascon Los Angelesko fiskalak esan du «bidegabekeria izugarria» izan dela Hastingsekin gertatu dena. «Justizia sistema ez da akatsik gabea, eta froga berriren batek hartutako erabaki batekiko konfiantza galarazi dezakeenean azkar jokatu behar dugu», esan du agerraldi berean.

Gasconek aipatutako froga berri hori ekainean heldu zen. Fiskaltzaren arabera, hilketaren unean jaso zuten DNA froga batek bat egin zuen 2020an espetxean beste delitu batengatik hil zen gizon baten laginarekin. Hastgingsek eskerrak eman ditu errugabea zela sinetsi dioten guztiei, eta ama izan du gogoan, ekainean bera errugabetu aurretik hil baitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.