Euskal presoak

Mikel San Argimiro berriro espetxeratu dute

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak helegitea jarri du hirugarren gradua emateko erabakiaren aurka, eta epaileak onartu egin du, Etxerat-ek azaldu duenez. Jada sei dira aurten kartzelara itzularazi dituzten presoak.

Martuteneko espetxea. IDOIA ZABALETA, FOKU
Jon Ordoñez Garmendia - Jon O. Urain
2022ko azaroaren 1a
11:57
Entzun

Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak jakinarazi duenez, Mikel San Argimiro euskal preso donostiarra Martuteneko kartzelan sartu dute berriro, hirugarren graduaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak helegite bat onartu ondoren. San Argimirok hogei urtetik gora daramatza preso, eta, iaz urte hasieran zigorraren hiru laurdenak bete ostean, Soriako kartzelatik Martutenekora eraman zuten.

San Argimirori hirugarren gradua eman zion Eusko Jaurlaritzak, baina erabaki horren kontrako helegitea jarri zuen Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Orain, epaileak aintzat hartu du fiskalaren eskea.

Etxerako bidean, oztoporik ez lelopean Sarek bihar manifestatzera deitu du, Donostian. 19:00etan aterako dira Bulebarretik.

Etxeratek haserrea eta ezinegona adierazi ditu, batetik, «preso donostiarraren eskubideak urratuak izan direlako», baina, batez ere, «Espainiako justiziak mantentzen duen blokeo bidegabeak euskal gizartearen nahiaren kontrako norabidean kokatu delako». Gaineratu du bere horretan mantentzen dituela Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak beste zortzi presoen hirugarren graduen aurkako errekurtsoak .

Izan ere, joera bat erakusten ari dira bai fiskala eta bai espetxe zaintzako epailea: aurten sei preso eraman dituzte atzera ere kartzelara, gradu progresioa ukatuta. Iazko urrian Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik emandako lau hirugarren gradu baztertu ditu epaileak: duela hiru aste, Xabier Atristain espetxean sartu zuten berriro, fiskalak Jaurlaritzaren erabakiaren kontra egin eta Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua baliogabetu ondoren, eta, ekainean, Gorka Martinez Ahedo eta Iñaki Bilbao Gaubeka itzuli ziren espetxera. Aurtengo otsailean, berriz, Iñigo Gutierrez eta Jon Crespo presoen gradu progresioa atzera bota zuen espetxe zaintzako epaileak, eta, iazko urrian, Unai Fanorena. Baina horiek Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak emandako gradu progresioak izan ziren, eskumena Jaurlaritzak hartu aurrekoak.

Jaurlaritzak iazko urrian espetxeen eskumena bereganatu bazuen ere, espetxe zaintzako eskumenak Auzitegi Nazionalaren esku jarraitu zuen. Hain justu, aurtengo urtarrilean, Sarek eskatu zuen hori ere Euskal Herriratzeko, argudiatuta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean «inboluzio kezkagarri» bat gertatzen ari zela: «Espetxeetako Tratamendu Batzordeak poliki-poliki hirugarren gradurako progresioak eta espetxe baimenak onartzen ari diren bitartean, Epaitegi Zentrala neurri horiek errekurritzen ari da, eta hirugarren graduan zeuden presoak espetxera eta bigarren gradura itzuli dira». Eskumen hori 2003az geroztik dago Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku.

Bittor Franco, aske

Etxerat-ek berak jakinarazi du Bittor Franco Barakaldoko (Bizkaia) presoa aske geratu dela. Gaur goizean irten da Basauriko kartzelatik, hogei urteko zigorra beteta. Ertzaintzak 2002an atxilotu zuen, eta Auzitegi Nazionalak zigortu zuen kale erasoetan parte hartzea egotzita. Huelvan (Andaluzia, Espainia) bete zuen zigorraren parte handiena, eta 2020an lekualdatu zuten Estremerara; 2021ean, berriz Logroñora gerturatu zuten, eta aurtengo martxoan Euskal Herriratu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.