Hezkuntza

Deklaratzen hasi dira martxoko ikasle greban Gasteizen atxilotutako gazteak

Urtarrilera bitartean deklaratuko dute Gasteizko Letren Fakultatean atxilotutako 34ek, Gedarrek zabaldu duenez. «Desordena publikoak» egitea egozten diete. EHUren arabera, 83.000 eurorainoko kalte materialak eragin zituzten.

Atxiloketak salatzeko IAk egindako manifestazioa, Gasteizen, apirilean. RAUL BOGAJO / FOKU
2022ko azaroaren 2a
15:20
Entzun

Ertzaintzak 34 gazte atxilotu zituen joan den martxoaren 24an Gasteizen, IA Ikasle Abertzaleak antolakundeak hezkuntzako erreformen kontra egin zuen ikasle greban. Bada, atxilotuak hasiak dira epaile aurrean deklaratzen, Gedar atariak zabaldu duenez. Haren arabera, urriaren 21ean hasi ziren auzipetuak deklaratzen, eta urtarrilera bitartean egingo dute gainerakoek. Hurrengo saioa, azaroaren 11n izango da. Gedarrek ez du zehaztu haien kontrako zigor eskariak nolakoak diren, baina jakinarazi du «desordena publikoak» egitea eragozten dietela.

EHUko Gasteizko Letren Fakultatean izandako gertakarien harira ari dira deklaratzen auzipetuak. Goizean piketeak egin zituzten, eta Ertzaintzak, fakultatera sartu, eta hainbat ikasle atxilotu zituen. EHUko errektoretzak salatu zuen erakundearen hiru campusetan eraikinetan sartu zirela piketeak, eta «bereziki larritzat» jo zituen Arabako campusean eginiko ekintzak. Han, erakundearen arabera, «petardoak eta bengalak jaurti, hormetan pintadak egin eta eraikin horietako batzuen altzariak txikitu dituzte». Ekintza horiek «aringarririk gabe» gaitzetsi zituen, eta adierazi kalteen balorazio bat egiteari ekin diola erakundeak. Bada, balorazio hori egina du, Gedarrek zabaldu duenez. Atariaren arabera, 83.000 euroko faktura bat aurkeztu du errektoretzak. Horrez gain, 34 ikasleen kontrako diziplina prozedurak zabalik dituela zehaztu du Gedarrek, prozesu judiziala amaitu bitartean aplikatuko ez baditu ere.

IAk, aldiz, «astakeriatzat» jo zuen «pikete batzuengatik» 34 atxilotu egotea, eta, hori salatzeko, manifestazioa egin zuen Gasteizen. Gainera, gertakarien erantzule egin zuten EHUko Arabako errektoreordetza, «polizia unibertsitate barrura sartzea» baimentzeagatik. «Horrelako ekintza errepresiboak onartuz, gizartearen joera autoritarioan sakontzea ahalbidetu du errektoretzak», salatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.