Epaitegiak

Euskaltzaindiak esku hartuko du Gasteizen latinezko izena jarri dioten haurraren kasuan

Gurasoek 'Hazia' jarri diote haurrari, Euskaltzaindiaren onespenarekin, baina epaileak ustez latinezko 'Zia' izenarekin erregistratu du.

Gasteizko Justizia Jauregia. BASOTXERRI
Edu Lartzanguren.
2022ko azaroaren 3a
09:03
Entzun

Alazne Cimavilla eta Bergoi Lopez izen bila hasi ziren, jaiotzeko zegoen bigarren haurra neska zela jakin zuten bezain laster. Azkenean, Hazia jartzea erabaki zuten, soinua gustuko zutelako, eta esanahiak etorkizuneko fruitua ekartzen zielako gogora. Baina ez. Ezin izan diote Haziari izena ofizialki jarri erregistro zibilean, Gasteizko epaile batek galarazi dielako. Gaur, Euskaltzaindiak esku hartu du auzian, eta adierazi du familiarentzat txosten bat egiteko prest dagoela, «izen horrekin lotutako auzia bideratzeko».

Urriaren 22an jaio zen Hazia. Gurasoek erregistratzeko paperak bete zituzten erietxean. Baina bi egun geroago ohar bat jaso zuten: ezingo zioten izen hori jarri haurrari, «ez dagoelako beste inor izen horrekin, eta substantibo bat delako». Oharrak harritu egin zituen gurasoak. Izan ere, Haritz, Ibai, Ekhi, Haizea, Ilargi, Hodei... ez al dira substantiboak, eta ez al dago izen horiek dituzten ehunka pertsona Euskal Herrian eta atzerrian?

Euskaltzaindiari galdera egin diote gurasoek, eta ez diote arazorik jarri Hazia izenari. Argudiatu dutenez, Nahia izena nahi aditzetik datorren bezala, Hazia izena hazi aditzetik eratorritakoa da. Halere, Euskaltzaindiak ohartarazi du eurek informazioa eman besterik ez dutela egiten, eta ez dutela ahalmenik erabakiak hartzeko.

Epailearekin bilera eskatu zuten gurasoek. Jujeak erabakia berretsi zuen: ezingo zioten alabari Hazia jarri, aurreko argudioez gain, esperma esanahia ere baduelako. «Pilar izenak ez al du zutabe ere esan nahi?», argudiatu zuten gurasoek. Baina alferrik. Epaileak ohartarazi zien beste izen bat aukeratu ezean berak jarriko ziola izena haurrari.

Gurasoek ez zuten atzera egin, Hazia Hazia izango da, eta kito.

Baina atzo jaso zuten epailearen oharra: haurrari Zia izena jartzea erabaki du jujeak, antzeko soinua duela argudiatuta, eta latinez hazia esan nahi duelakoan.

BERRIAk latinezko hainbat hiztegi kontsultatu ditu, eta ez du aurkitu zia hitzaren arrastorik. Agertzen da cia hitza gazteleraren Maria Molinerren hiztegian, aletegi zentzuarekin, eta Aragoin erabilita (Espainia). Latinezko cella-tik letorke hori, hau da, euskarazko gela hitza eman zuen hitzetik, baina, printzipioz, latinezko hitzak ez luke lotura zuzenik haziekin. Espainiako RAE erakundearen hiztegian cía hitza agertzen da, aldaka adierazteko. Latinezko scia hitzetik letorke, eta hortik, esaterako, hizkuntza askotan erabilitako ziatika, aldakarekin loturiko nerbioak eragindako gaitza, alegia.

Hazia neska, beraz, Zia gisa dago erregistratuta, epailearen erabakiz, baina gurasoek adierazi dute helegitea jarriko diotela erabakiari, eta kosta ahala kosta eutsiko diotela beren nahiari.

Euskararen inguruko erabaki bitxiak eman dituzte hainbat epailek azken hilabeteotan. Otsailean, esaterako, Gasteizko beste epaile batek arrazoia eman zion hizkuntza eskakizunak ez betetzeagatik kaleratutako bitarteko funtzionario ohi bati, euskara «zaila» dela argudiatuta. Erabakia arrazoitzeko orduan, epaileak inongo oinarri linguistikorik ez zuen Interneteko atari batetik kopiatu zituen argudioak, hitzez hitz.

Horrez gain, Euskaltzaindiak ere gaur kaleratutako idatzian gogorarazi du tarteka halakoak gertatzen direla erregistro zibiletan. Azaldu du normalean izenari atxikitako generoarekin sortzen direla arazoak, eta adierazi du Euskaltzaindiak 2018. urtean Espainiako Justizia Ministerioari «malgutasunez» jokatzeko eskatu ziola kasu horietan.

Euskarazko izenenen aurka historian egon diren politikak gogora ekarri dituzte sare sozialetan, eta adibideak eman dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.