Nafarroa Oinez

‘Hotsein!’ izango da 2023ko Nafarroa Oinez-en leloa, eta logoa bozgorailu bat

Etxarri Aranatzen ospatuko da hurrengo urteko jaia, Andra Mari Ikastolak antolatuta. «Zuena eta indartsua». Horrela definitu dute 2023ko Nafarroa Oinez-en leloa Izaskun Errazkinek, Andra Mari ikastolako gurasoen ordezkariak, eta Iñigo Orella zuzendariak.

Paula Arregi, Josu Reparaz, Izaskun Errazkin, Iñigo Orella eta Aritz Azkarate Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan. IñIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
2022ko azaroaren 3a
12:54
Entzun

Etxarri Aranatzen ospatuko da hurrengo urteko jaia, Andra Mari Ikastolak antolatuta. Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan egin duten aurkezpenean, Hotsein! hitzak Sakanako hizkeran bi esanahi dituela azaldu du ikastolako ordezkariak: batetik zarata egin edo burrunba egin, eta, bestetik, deitu edo aldarrikatu. «Bi esanahiak baliatu nahi ditugu. Batetik Andra Mari ikastolak zarata egin nahi du, euskara txoko guztietan entzun dadin. Bestetik, dei zabal bat egin nahi du arnasguneetan dauden ikastolon alde, proiektu horien beharra aldarrikatuz», azaldu du Orellak.

Logoa bozgorailu bat da, hiru marratxoekin osatutakoa. Marra horien koloreak garrantzitsuak direla esan du Errazkinek, Andra Mari ikastolaren koloreak direlako. Bozgorailuak hots egiteko nahia eta hitza zabaltzeko asmoa adierazten ditu, Sakanan euskara bizirik mantentzeko. «Datorren urteko Nafarroa Oinezen proiektuari gogo handiz heldu nahi diogu, baina baita arduraz ere. Euskarak bultzada handia behar du, ez soilik Erriberan edo Tafallan, Sakanan ere bai», esan du zuzendariak.

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak lekukoa pasatu dio Andra Mari ikastolari, eta bere babes osoa eskaini. Horrez gain, Paula Arregi, Garces de los Fayos ikastolako zuzendaria, pozik agertu da 2022ko Nafarroa Oinezek izandako erantzun jendetsuagatik: «Eguraldi ona izan genuen, eta giro ezin hobea. Programatutako tailerrak, kontzertuak, haurrentzako jolasak eta dantzak egin genituen».

Jaialdiak ezarritako helburuak bete zituela adierazi du zuzendariak, eta boluntarioei esker izan dela azpimarratu du: «1.200 boluntario inguruk egindako lana nabarmentzen da, auzolan handi honetan parte hartuz Oinez arrakastatsua izaten lagundu baitute».

Orain Andra Mari ikastolaren txanda da, baina ez da lehendabiziko aldiz Nafarroa Oinez bertan ospatzen dena: 1989, 1996 eta 2009 dira Etxarri Aranatzen data esanguratsuak, eta 2023 gehitu dute zerrendara. Ikastolako zuzendariak adierazi du Sakanan euskaren erabilera moteltzen ari dela, eta hurrengo urteko urrian ospatuko den jaiaren bitartez euskararen arnasguneak «bizkortu» nahi dituztela. Horretarako jai herrikoia, kooperatiboa, autogestionatua eta auzolanean oinarritutakoa antolatu nahi dutela aipatu du, Etxarri Aranatzen euskarak bizi-bizirik jarraitzen duela erakusteko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.