Aurrekontuak

Administrazio «moderno eta arina» lortu nahi du Jaurlaritzak aurrekontuen bidez

Etxebizitza arloan, alokairuaren eskaintza sustatzea du lehentasunetako bat.

Olatz Garamendiren agerraldia Legebiltzarrean. IREKIA
gotzon hermosilla
2022ko azaroaren 3a
14:57
Entzun

Eusko Jaurlaritzako sailburuak ari dira nor bere sailaren aurrekontua aurkezten Eusko Legebiltzarrean. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagokionez, arloak 171,9 milioi euro izango ditu, hau da, aurten baino 32,7 milioi gehiago, %23,5eko igoerarekin. Helburua da, Olatz Garamendi sailburuak esan duenez, «administrazio moderno, arin, kalitatezko eta eraginkorra» lortzea. Sailaren gastu gehienak funtzionamenduari eta saila osatzen duten 536 langileen soldatak ordaintzeari dagozkio: lehenengo atal horretarako 105 milioi jarriko dira, sail osoaren aurrekontuaren %61,2, eta bigarrenerako, berriz, ia 34 milioi, aurrekontuaren %19,7.

Sailaren lan ildoetako batzuk izango dira administrazioak herritarrekin duen harremana hobetzea, digitalizazioan aurrera egitea, energia aurreztea eta autogobernua defendatzea. Azken horri dagokionez, 408.000 euro bideratuko dira «autogobernuaren defentsa eta eskualdatzeke dauden eskumenak lortzera», autogobernuan aurrera egitea «ongizatearen oinarria» baita Garamendiren ustez.

Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzak 12,1 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Funtzio Publikokoak, berriz, 27 milioikoa. Diru poltsa bat gordeko da inkesta bat egiteko herritarrek administrazioarekin duten asebetetze maila neurtzeko, eta beste bat langileen prestakuntzan arituko diren teknikariak kontratatzeko.

IVAP Herri Aholkularitzaren Euskal Erakundeak 21 milioiko aurrekontua izango du, eta zati bat baliatuko da erakunde autonomo horren 40. urteurrena dela eta antolatuko diren ospakizunetarako. EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak 218,6 milioiko aurrekontua izango du, eta Itelazpi elkarte publikoak, berriz, 15 milioikoa.

Energiaren prezioaren gorakadak isla izango du sail honen aurrekontuetan. Adibidez, argindarra ordaintzeko 4.1 milioi euro gorde dira, 2022ko aurrekontuan baino 2, 7 gehiago. Gainera, energia aurrezteak, funtzionamendu efizienteagoa lortzeko inbertsioak egiteak eta abarrek aurrekontuaren zati bat hartuko dute. Edonola ere, Garamendik nabarmendu du Jaurlaritzak «ahalegin handia» egiten ari dela energia aurrezteko eta, esaterako, 2022an orain arte iaz baino %7 gutxiago gastatu dutela argindarrean.

«Autogobernuaren higadura»

EH Bilduren izenean, Leire Pinedok adierazi du «erabakiak hartzeko ahalmena» funtsezkoa dela herritarren arazoei irtenbidea eman ahal izateko, eta Jaurlaritzak inoiz salatu duen «autogobernuaren higadura isila» dagoeneko ez dela hain isila: «Urtean behin, Urkullu lehendakariak gaia mahai gainean jartzen du, baina inoiz ez gara hitzetatik harago joaten». Pinedok gogorarazi du Legebiltzarrak onartu dituela estatus berri baterako oinarriak, eta horiek aldarrikatu ditu «aldebiko harreman baterako egokiak» direlakoan.

EH Bilduren Lore Martinez Axpek esan du aurrekontuetako zenbait atal, hala nola digitalizazioari dagokiona, 2022koen oso antzekoak direla eta ez dutela berritasunik ekartzen. EAJren Estibaliz Larraurik, aldiz, esan du sail honetako aurrekontuak «progresistak eta hedakorrak, baina aldi berean errealistak» direla.

Talde parlamentarioen galdera batzuk izan dira administrazioak erabiltzen duen softwarearen inguruan, eta aurrerantzean software librea erabiltzearen egokitasunaz. Polentzi Urkijo Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeak erantzun du Jaurlaritzak ez duela software librearen eta software pribatuaren arteko desberdintasunik egiten: «Zeregin bakoitzerako egokien iruditzen zaigun softwarea erabiltzen dugu, librea zein pribatua izan».

Etxebizitza eta Garraioa

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 754,4 milioi euroko aurrekontua izango du, 2022an baino %33,7 gehiago. Horietatik, 322,3 milioi etxebizitza arlokoak izango dira, eta garraioei dagokiena, 467,2 milioi. Lurralde plangintzak izango du aurrekonturik txikiena, 42,2 milioi euro.

Etxebizitzaren arloan, alokairua sustatzea izango du lehentasunetako bat. Alokairuko etxebizitzen parkea handitu eta alokairua ordaintzeko laguntzak sustatu nahi ditu Jaurlaritzak. Garraioen arloan, berriz, «trenbide azpiegitura hobetu, hiri garraioko eskaintza handitu eta AHT abiadura handiko trenaren lanak osatu» egin nahi dituzte, Iñaki Arriola sailburuak azaldu duenez.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Iñigo Martinezek esan du aurrekontuak ez direla «nahikoak» etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko, eta galdetu du zergatik aurrekontuetan ez dagoen diru poltsarik energia aurrezteko estrategiaren barruan garraio publikoa sustatzeko laguntzak 2023 urtean ere ezartzeko. EH Bilduko Unai Fernandez de Betoñok, berriz, nabarmendu du sailaren aurrekontuek igoera handia izan dutela, baina hori, batez ere, «Europatik iritsitako diruari esker» dela. Esan duenez, benetako igoera %9,5 da, «inflazioaren igoeraren parekoa, gutxi gorabehera».

EAJren Irune Berasaluzek eta PSE-EEko Susana Corcuerak, berriz, txalotu egin dituzte aurrekontuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.