Gerra zikina

Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak gerra zikina antolatu zuela aitortu du

Besteak beste, Jose Maria Larretxea ETApm-ko kidea bahitzeko agindu zuela adierazi du

Jose Barrionuevo eta Rafael Vera 1998an, Marey auziko epaiketan. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 6a
13:04
Entzun

«Segundo Marey bederatzi egunez egon zen atxilotuta; nahasi egin zen Espainiako Poliziaren talde batekin. Jakin nuenean, askatzeko agindu nien; ea zein zen alternatiba. Nik beti esaten nien: 'Ordenaren zaintzaileak gara, eta ezin dugu nahasmena eragin. Denek bezala, akatsak egiten ditugu, baina ezin dugu nahasmen gehiago eragin'». Jose Barrionuevo Espainiako Barne Ministro ohiaren hitzak dira, El País egunkariak argitaraturiko elkarrizketan esandakoak.

Ikusi gehiago:Barrionuevoren adierazpenek gaitzespen oldea eragin dute

Ez dio gauza bera Barrionuevo zigortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententziak. Hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten Mareyren bahiketagatik, baita Rafael Vera Segurtasun idazkari izandakoari ere. Hiru hilabete soilik pasatu zituen kartzelan, Jose Maria Aznarren gobernuak indultu eman baitzion.

Ikusi gehiago:GAL, nor da nor: Jose Barrionuevo

«Kondenatzen nauen sententziak jurisprudentzia berritzen du. Testigantza fidagarri gisa onartzen du beste inputatu bat; hark esaten duenak mesede egiten diolako esaten du hori. Hainbat gauzatan berrikuntzak egin zituzten ni kondenatzeko», adierazi du Barrionuevok.

Elkarrizketaren berrikuntza nagusia, ordea, da Barrionuevok aitortu duela (izenik eman gabe) Jose Maria Larretxea ETApm-ko kidea bahitzeko agindu zuela: «Kongresuan egin nuen agerraldi batean aitortu nuen: agindua eman nuen Alberto Martin Berriosen bahiketaren arduradun nagusia [Larretxea] atxilotu eta Espainiara ekartzeko. Ez genekien Martin Berrios non zeukaten, baina bai nor zen operazioaren burua. Harrapatu zuten, baina tipo handia zen, eta ez zen maletategian sartzen. Borrokan ari zirela, Frantziako Polizia iritsi zen, eta bahiketa zapuztu zuen. Nik nire gain hartu nuen gertatutakoaren erantzukizuna. Ez zuen ondoriorik izan».

Ikusi gehiago:«Felipe Gonzalezek du nire bahiketa saioaren erantzukizuna»

Akatsen erantzule

Mareyri buruz, «hil egingo dugu edo askatu egingo dugu?» galdetu zioten Barrionuevori: «Esan nuen inondik inora ere ez genuela hilko». Dena den, esan du Marey bahitzeko operazioa ez zuela berak agindu: «Bizkaiko Poliziaren operazio bat izan zen, eta eginda zegoenean jakin nuen nik». Horrek zer zentzu zuen galdetuta, esan du ETAko buru bat atxilotzea zela helburua, «informazioa ateratzeko».

Barrionuevok bazekien delitu bat egiten ari zirela: «ETAkoek gerra bat zela zioten. Nik ezin nuen nire lubakikoen aurka egin, tiroren bat oker jotzen bazuten ere. Nire agintaldian Barne Ministerioan gaizki egin ziren gauzen erantzuletzat jotzen dut neure burua, baita polizien aurka dauden kasu jakinen erantzule ere».

Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministroaren karguan denbora gehien egin duen politikaria da. 1982tik 1988ra egon zen karguan, Felipe Gonzalezen lehen gobernuan. 1983an, bera izan zen ZEN planaren sustatzaile nagusietako bat. 1998an zigortu zuten, Mareyren bahiketagatik.

Ikusi gehiago:GALen erasoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.