Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak adierazi duenez, «gazteei entzutea» izan da Gurea Geroa txostenaren helburua. Dokumentuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.500 gazte ingururen «iritziak, ideiak, interesak eta etorkizuneko erronkak» baititu oinarri. El futuro es ahora (Etorkizuna orain da) proiektuaren barruan egindako hirugarren inkesta da, eta gaur aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Tejeriaz gain, aurkezpenean izan dira Xabi Murua proiektuaren bultzatzaileetako bat, Maria Caso El futuro es ahora (Etorkizuna orain da) proiektuaren zuzendaria, Maialen Olabe Euskadiko Gazte Kontseiluko presidentea, eta Uxue Izco eta Xabier Contreras gazte adituak.
Olabe, Izco eta Contreras izan dira txostenaren emaitza esanguratsuenak azaldu dituztenak. Zehazki, nabarmendu dute gazteek zer jarrera duten arlo hauen inguruan: etxebizitzaren, kulturaren, lanaren eta norberaren etorkizuna, gizarte harremanak, Europako Batasunaren inguruan duten jarrera, kontsumo ereduak eta hezkuntza.
Hala nola Olabek nabarmendu du «gazteek euren bizitza proiektuetan aurrera egiten badute ere, gurasoekin bizitzen jarraitzen dutela», eta hori lotuta dagoela «lan arloko ezegonkortasunarekin». Horrekin lotuta, eta arrazoi ekonomikoak direla medio, Contrerasek azaldu du inkestan parte hartu duten gazteen %53k «ezkortasunez» ikusten dutela beren etorkizuna. Harremanei dagokienez, Contrerasen erranetan, gazte aunitz «integratuago sentitzen da ingurune digitalean», bizitza errealean baino. Izcok adierazi du inkestatutako gazteak Europako Batasunaren «alde» badaude ere ez dutela beren erabakiekin bat egiten.
Egoera ikusita, gazteen bizitza hobetzea helburu duten hamar eskari egin dituzte hiru bozeramaileek: Europak «gehiago eta hobekiago» informatu dezala, «eredu iraunkorrago baten buru izango den Europa», politika arloan «ustelkeriari eta iruzurrari» aurre egin diezaiotela, «etxebizitza duinetan» bizitzeko aukera izan dezatela, gizarte edo ingurumen erronketan parte hartzeko «informazio gehiago eta hobea» izatea, hezkuntza sistemak «bizitza errealerako» prestatu ditzala gazteak, lan «duinak eta kalitatezkoak», «klima larrialdiaren aldeko ekintza ausartagoa» izan dadila, «kontsumo eta ekonomia ereduak aldatzea» larrialdi klimatikoari begira, eta «hizkuntza eta balioekin» bat egiten duen lurralde bat.