COP27

Petrolio konpainien ezohiko irabaziak zergapetzea galdegin du NBEk, klima krisiari aurre egiteko

Guterresek «onartezintzat» jo du klima aldaketaren aurkako borroka «bigarren mailan uztea». Aldi berean, eskatu du herrialde garatuek eta garatzeko bidean daudenek «elkartasun klimatikoaren ituna» egiteko.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres, Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian egiten ari diren COP27 goi bileran. KHALED ELFIQI / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 7a
14:45
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek erregai fosilak —petrolioa, gasa eta ikatza— jarri ditu krisi klimatikoaren erdigunean, horiek baitira berotegi efektuko isurien eragile nagusiak. Bada, Guterresek munduko herrialde guztiei eskatu die zergak ezar diezazkietela erregai fosilen enpresen energiaren egungo prezioen gorakadagatik izaten ari diren aparteko irabaziei. «Birbideratu diezaiegun dirua elikagaien eta energiaren prezioen igoerarekin borrokan ari diren pertsonei eta krisi klimatikoaren ondorioz galerak eta kalteak jasaten dituzten herrialdeei», esan du Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian egiten ari diren COP27 goi bileran. Atzo hasi zen NBEren klima aldaketari buruzko biltzarra, eta azaroaren 18ra arte iraungo du.

Goi bilera horretan arreta handia izango dute, besteak beste, klima aldaketak eragindako galerek eta kalteek, eta egungo eta etorkizuneko berotzearen ondoriozko inpaktu ekonomiko handiek, hala nola muturreko fenomeno meteorologikoek eta itsas mailaren igoeraren eraginez desagertuko diren uharteek. Herrialde txiroek egin dute presiorik handiena goi bilera horretan, funts bat ezartzeko oinarriak jarri ahal izateko. Guterresek eskatu du «bide orri argi bat taxutzea, «epe zehatzekin».

NBEko buruzagiarentzat «betebehar morala» da gai horri aurre egitea. Haren esanetan, «klima krisia gutxien handitu dutenak beste herrialde batzuek ereindako zurrunbiloa jasotzen ari dira». Herrialde azpigaratuei dagokienez, berriz, esan du biztanleko berotegi efektuko gas gutxien isurtzen dutenak direla.

NBEko idazkari nagusiak esan duenez, mundua suntsitzen duten gatazka ugari egon arren, «klima aldaketa beste denbora lerro eta eskala batean dago. Mende honetako erronka nagusia da». Ildo horretan, «onartezintzat, eskandalagarritzat eta kaltegarritzat» jo du klima aldaketaren aurkako borroka «bigarren mailan uztea». Izan ere, haren hitzetan, egungo gatazka asko «kaos klimatikoarekin» lotuta daude; Errusiak Ukrainan egindako inbasioa jarri du adibide gisa.

Guterresen arabera, gatazka horrek agerian utzi du herrialdeek zer mendekotasun dituzten erregai fosilekiko eta horrek zer arrisku dituen. Hori dela eta, eskatu du premiazko krisi horiek ez hartzeko aitziko moduan. Bestalde, portugaldarrak gogorarazi du «iparraldearen eta hegoaldearen» arteko anbizioa eta «konfiantza» berrezarri behar direla. Era berean, adierazi duenez, 2050erako lortu behar da tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea. Mundu osoan «zero emisio garbiak» lortu behar dira. «Itzulerarik gabeko klima eta ingurumen egoerara gerturatzen ari gara», ohartarazi du.

Horrez gain, NBEko idazkari nagusiak dei egin du herrialde garatuek eta garatzeko bidean daudenek «elkartasun klimatikoaren ituna» egiteko, herrialde guztiek «ahalegin gehigarria egin dezaten hamarkada honetako isurketak murrizteko».

Haren arabera, akordio horrek bermatu behar du, besteak beste, estatu aberatsek eta nazioarteko erakundeek laguntza finantzarioa eta teknikoa emango dizkietela garatzeko bidean dauden ekonomiei, «energia berriztagarrietarako trantsizioa bizkortzen laguntzeko eta erregai fosilekiko mendekotasunari amaiera emateko».

Era berean, NBEk aurreikusten du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeetan «2030erako ikatza pixkanaka alde batera uztea», eta gainerako estatuetan 2040rako. Adierazpen horretan, hain zuzen, Guterresek AEBak eta Txina aipatu ditu —munduko bi ekonomia handienak—, «itun hori gauzatzeko ahaleginak batzeko ardura berezia» baitute.

Txina, India eta Errusia

Guterresek hitzaldia eman du COP27 goi bilerako ekitaldiaren irekieran, eta bertan izan dira ehun estatuburu eta gobernuburu baino gehiago. Hasierako ekitaldian EB Europako Batasuneko agintari nagusiek hartu dute parte. Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Biden inaugurazioan egon ez den arren, aste amaieran joango da Xarm el-Xeikh hirira. Aitzitik, Txinako, Indiako eta Errusiako buruzagi gorenek ez dute aurrez aurre parte hartuko; bai, ordea, hiru herrialde horietako ministroek eta ordezkariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.