Etruskoen eta erromatarren garaiko 24 estatua aurkitu dituzte Italian, kaltetu gabe

Sienako Casciano dei Bagne termetan aurkitutako estatuetako bat.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko azaroaren 9a
11:18
Entzun

Sienako San Casciano dei Bagni termetan atzeman dituzte, lohi azpian. Estatuak brontzezkoak dira, K.a. II. eta K.o. I. mendeen artekoak. Bestelako objektuak ere topatu dituzte: urrezko, zilarrezko eta brontzezko 5.000 txanpon inguru tartean. «Historia berridazteko moduko aurkikuntza da», adituen iritziz.

Antzinaroari loturik sekula egindako aurkikuntza inportanteetariko bat da. Brontzezko 24 estatua etrusko eta erromatar atzeman dituzte Sienan, indusketa lanetan ari zirela. Estatuak lohiz estalirik ziren, eta kaltetu gabe atera dituzte azalera. Hala, estatuak hain ongi kontserbaturik direnez, horietan zizelkaturiko esaldi batzuk irakurtzea ere badago; etruskoz eta latinez.

Etruriaren barrenaldean bizi ziren familia boteretsuenen izenak ageri dira idatzirik: Velimna de Perugia eta Marcni, esaterako. Beste mezu esanguratsurik ere irakur daiteke: «aquae calidae». Adituek eginiko kalkuluen arabera, estatuek K.a. II. mendearen eta K.o. I. mendearen artekoak behar dute izan. Gainera, litekeena da hango artisauek eginak izatea.

Hain zuzen, atzemandako 24 piezen eta horietan zizelkaturiko idazkien balioa nabarmendu dute azterlanetan aritutako ikerlariek. «Historia berridazteko moduko aurkikuntza da hau», Jacopo Tabolli indusketen zuzendariak adierazi duenez. Halaber, zehaztu du hirurogei aditu dagoeneko ikerlanetan dabiltzala horren gainean. Dioenez, Italian sekula ez da topatu garai etruskoari dagokion halako ondarerik.

«Santutegi hau ikerketarako laborategi gisako toki bat bihurtu zaigu. Antzinako aniztasun kulturala ikertzen ahalko dugu, eta giltzarri izanen da etruskoen eta erromatarren arteko mugimenduei buruzko informazioa eskuratzeko», zehaztu du Tabollik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.