Bertsolaritza

Beñat Lizasok ez du gehiago eginen bertsotan plaza publikoan

Haren aita Sebastian Lizasoren eta aitona Joxe Lizasoren «itzaletan» aritzeak eragindako zamak bultzatu du, batik bat, plaza uztera. 'Bertsolari' aldizkariaren 'Makarrizketak' podcastean jakinarazi du erabakia.

Beñat Lizaso Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saio batean, 2019an. ANDON CANELLADA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko azaroaren 9a
12:38
Entzun

Konparazioak pisutu dizkio pausoak, abizenaren zamak nekatu bidea. Eta gelditzea erabaki du, hala. Beñat Lizaso bertsolariak iragarri du utzi eginen diola plaza publikoan kantuan aritzeari. Bertsolari aldizkariaren Makarrizketak podcastean eman du erretiroaren berri, eta iradoki du etenaldia ez dela izanen behin-behinekoa. «Iritsi da garaia atea ixteko, eta giltzaz ixteko gainera. Mila esker oholtzakide eta bertsozale guztiei».

Beñat Lizasok bost minutu eskaseko ahots mezu batean aletu ditu plazari agur esatea erabakitzeko arrazoiak. Dena dela, bakar batean bildu litezke denak, kontatu duenaren arabera: konparazioek ekarri dute haren agurra.

«Gorroto ditu konparazioak. Konparazio bat dagoen bakoitzean beti dagoelako bat bestea baino hobea, bat bestea baino gehiago», azaldu du Lizasok, eta ziztuan onartu du berak etenik gabe sentitu dituela halakoak bertsolari ibilbidean. Itzulingururik gabe aitortu du gertatua: dioenez, jendeak beti alderatu izan du aitarekin, baita aitonarekin ere. «Neure larruan bizi izan dut konparazioen zartailu mingarri hori. Lizaso abizena izate hutsak nire aurretik izan diren bi bertsolari handiren itzalera narama».

Gainera, Beñat Lizasok zehaztu du ez duela uste denboraren joanak konparazioak etengo dituenik. «Hala izan da, eta hala izango da», adierazi du, eta hainbat alditan gertatu zaizkionetako batzuk zerrendatu ditu ondotik. Kontatu duenez, sarri aditu ditu bertsozale batzuen iruzkinak, zuzenean berari eginak. Era berean, askotan sentitu du «abizenagatik» deitu izan diotela bertso saio batzuetarako. «Abizenak ate asko ireki dizkit, aukera asko, baina jendeak Lizaso entzun nahi du, eta ez Beñat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.