AEB Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak ekainaren 24an 1973ko Roe v Wade —abortu eskubide konstituzionala— baliogabetu ondorengo lehen hauteskundeak izan ziren atzo. Hain zuzen, Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren herena berritzeaz gain, galdeketak egin dituzte zenbait estatutan, eta, bostetan, abortatzeko eskubideari buruz galdetu dute. Bada, Michiganen, Vermonten, Kalifornian eta Kentuckyn haurdunaldia etetea babestu dute. Montanan, berriz, behin-behineko emaitzek ere aldeko garaipena iragarri dute.
Michiganen —gobernadore demokrata nagusitu da—, AEBetako mendebalde erdian, abortatzeko eskubidea estatuko konstituzioan sartzea lortu dute, eta, beraz, blindatuta geratu da etorkizunean abortua ezabatzeko ahalegin kontserbadoreen aurrean. Haurdunaldia etetea legezkoa den estatu horretan, hori guztia egin dute erabat debekatuko lukeen 1931ko lege bat indarrean sar ez dadin, salbu eta amaren bizitza «arriskuan» badago.
Mendebaldeko kostaldean, Kaliforniako herritarrek —han gobernadore demokratak irabazi du— ugalketa askatasuna «beren erabaki intimoetan» babesteko proposamenaren aldeko botoa eman dute, abortatzeko eskubidea eta antisorgailuak barne. Era berean, ipar-ekialdean, Vermonten —gobernadore errepublikanoa gailendu da—, Ugalketa Askatasunaren Zuzenketa deiturikoa onartu dute, bere estatuko konstituzioan aldaketa bat egiteko, estatuko herritar guztiek ugalketa eskubideak dituztela ziurtatzeko, abortatzeko aukera barne.
Kentuckyn (hegoaldea) debekatuta dago abortatzea, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, hala nola amaren bizitza «arriskuan» dagoenean. Bada, behin betiko emaitzen arabera, hautesle gehienek ezezko botoa eman diote estatuko konstituzioaren 2. zuzenketari. Errepublikanoek proposatutako ekinaldi horrek konstituzioan jaso nahi zuen, esplizituki, ez zegoela abortatzeko eskubiderik.
Bitartean, behin-behineko emaitzen arabera, Montanak, abortua are gehiago murriztu nahi duten estatuak, errefusatu egin du haurdunaldiaren edozein unetan «bizirik jaiotako» edozein haur legezkotzat joko zukeen lege bat promulgatzea.
Joan den ekainean herrialdeko Auzitegi Gorenak abortuaren aurkako babes federala ezabatu ostean egin dira abortuari buruzko bozketa horiek, eskubide hori legeztatu zuen 1973ko Roe v Wade epaia indargabetu baitzuen.
Planned Parenthood erakundeak AEBetako sexu eta ugalketa osasuneko kliniken sarerik handiena du, eta, haren datuen arabera, abortua guztiz debekatuta dago herrialdeko hamabi estatutan. Alexis McGill Johnson erakundeko presidenteak ohar batean azaldu duenez, «Kentuckyk, Michiganek, Vermontek eta Kaliforniak erakutsi dute ugaltze askatasuna galdeketen bidez erabakitzen denean boto emaileek beti aukeratzen dutela beren gorputzen, bizitzen eta etorkizunen gaineko kontrola». Jarraian, hau erantsi du: «Abortatzeko eskubidea garaile».
Sei estatutatik hiru, kalamuaren alde
AEBetako sei estatutan, kalamua aisialdian kontsumitzeari buruzko galdeketak egin zituzten, eta hirutan bakarrik babestu dute legeztatzea: Marylanden, Missourin eta Coloradon. Aldiz, ezetza nagusitu da Arkansasen —gobernadore errepublikanoa—, Ipar Dakotan eta Hego Dakotan —gobernadore errepublikanoa—.
Bost estatutan jada baimenduta zegoen kalamua «sendabelar» gisa erabiltzea, eta Marylandeko eta Missouriko herritarrek soilik egin dute apustua beste urrats bat egiteko eta aisialdirako babesteko —gobernadore demokrata izango dute—. Coloradon, berriz —gobernadore demokratak irabazi du—, 21 urtetik gorakoentzat landare eta onddo psikodeliko jakin batzuen jabetza eta erabilera despenalizatzearen alde bozkatu dute. Hiru lurralde horiekin, dagoeneko 21 estatuk dute legeztatua kalamua aisialdian kontsumitzea.
Esklabotza
Esklabotzari buruz ere galdetuko dute. Izatez, 1863an utzi zuten bertan behera esklabotza AEBetan. Oraindik badirau, ordea, espetxeetan. Estatu gehienetan, epaituak eta zigortuak izan diren presoak lana egitera behartuta daude. Alabaman —gobernadore errepublikanoa—, Louisianan, Oregonen, Tennesseen —gobernadore errepublikanoa— eta Vermonten lan horiei buruz galdetu diete herritarrei, eta bost estatuetako konstituzioak zuzentzearen alde bozkatu dute.
Alabamak, herrialdearen hego-ekialdean, bere konstituzioko «hizkera arrazista oro» aldatzearen alde bozkatu du, baita zenbait senideren morrontza babesten duen salbuespen klausula kentzearen alde ere, Tennesseeren gisan.
Bestalde, Vermontek, esklabotza debekatu zuen lehen estatuak (1777), aldaketa konstituzionalaren aldeko apustua egin du. Aldaketa horrek esplizituki baieztatuko du estatu horretan «esklabotza eta nahi gabeko morrontza betiko debekatuta daudela».
Oregonek proposatutako aldaketak (ipar-mendebaldean dago estatu hori) beste aukera batzuk ematen dizkie errudunen esklabotza edo bortxazko lana gainditzen ez duten auzitegiei. Louisianan onartutako oinarrizko gutunak jasotzen duenez, berriz, «esklabotza eta nahi gabeko morrontza debekatuta daude, baina hori ez zaio aplikatzen justizia penalaren administrazioari, gainerakoan legezkoa baita».
Nolanahi ere, oraingoz proposamenetako batek ere ez luke behartuko estatu horietako kartzeletan berehalako aldaketak egitera, baina ekar litzake espetxeetan lana erabiltzeko moduarekin lotutako lege erronkak.