Aurrekontuak

EH Bilduk 450 milioi euroko balioa duen proposamen sorta bat aurkeztu dio Jaurlaritzari

Azpiazu gaur hasi da oposizioko talde parlamentarioekin biltzen. Elkarrekin Podemos-IUk eskatu du aurrekontuak 511 milioi euro handitzeko.

Maddale Iriarte eta Nerea Kortajarena, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 9a
14:21
Entzun

«Konbultsio ekonomiko handiek ezaugarritutako garai historikoa» da egungoa, EH Bilduren ustez, eta horri erantzutera bideratutako 30 proposamen aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuri, sei atal nagusitan banatuta. Konpromiso politikoak zein ekonomikoak dira, eta denera, 450 milioi euroko aldaketak eragingo lituzkete aurrekontuetan. Maddalen Iriarte eledunak adierazi du bi aldeen arteko lehen bilera «arina» izan dela, eta ez direla «xehetasunetan» sartu.

Koalizio subiranistak kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak «egiturazko gabeziak» dituela, «erantzun estruktural ausartak» emateko unean. Halere, proposamen sorta bat egin du, «errealismotik», aurrekontuetan eta datorren urteko politikagintzan zenbait aldaketa sustatzeko asmoz. Iriartek adierazi du Azpiazu horiek aztertzeko prest agertu dela.

Zerbitzu publikoen hobekuntza da EH Bilduk nabarmendu duen alorretako bat. Zehazki, osasun sistema, babes politikak eta zaintza jarri dituzte erdigunean. Osasungintzaren arloan, konpromiso politikoak dira nagusi. Besteak beste, eskatu dute espezialitateetako egoiliarrak formatzeko eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko urratsak egiteko eta Osakidetzako ratioak ezartzeko lege bat adosteko. Horiekin batera, Osasun Mentaleko Plan Estrategikoa garatzeko 500.000 euroko diru sail bat, eta elikadura nahasmenduak dituztenak artatzeko programa bat definitzeko milioi bat euroko beste bat proposatu dituzte.

Babes politiketara 55 milioi euro gehiago bideratzeko eskaera ere egin du koalizioak, bi helburu handirekin. Batetik, seme-alaben hezkuntzara bideratutako 200€ko laguntza haiek 18 urte bete arte zabaltzea. Bestetik, diru sarrerak bermatzeko errentara bideratutako inbertsioari «eustea». Zaintza arloan, berriz, zahar etxeak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak nabarmendu ditu, gutxieneko arreta bermatzeko asmoz.

Gazteen egoera sozioekonomikoari erreparatuz, haien lan prekarietateari eta emantzipatzeko zailtasunei aurre egiteko bi proposamen egin ditu EH Bilduk. Batetik, kontratazioa sustatzeko 30 milioi euroko diru sail bat proposatu du. Bestetik, emantzipaziorako oinarrizko errenta bat ezartzeko plan pilotu bat martxan jartzea. Etxebizitzari lotuta, alokairu sozialeko parke publikoa handitzeko 50 milioi euro bideratzea ere eskatu du.

Trantsizio energetikoaren alorrean, bi konpromiso politiko hartzeko proposatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari: proiektu handietan herritarren parte hartzea bermatzeko modua arautzea eta Energiaren Euskal Erakundeen elektrizitate merkaturatzaile publiko bat sortzea. Horrekin batera, batez besteko errentaren azpitik dauden familiei bideratuta bonu energetiko bat ere eskatu du.

Sektore ekonomikoei dagokionez, lehen sektorean, merkataritzan eta ostalaritzan, eta, batez ere, industrian jarri dute begia. Kopuruei dagokionez, ondorengoa da handienak: Finkatuz Funtsa handitzeko ehun milioi euro. Era berean, liburuaren sektorearen eta hedabideen errealitateari erantzuteko programa propio bat sortzeko konpromisoa eta euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko hiru milioi euroko diru saila proposatu ditu.

Horiei, iaz adostu eta bete ez diren konpromisoak gehitu dizkiete: Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako gutxieneko soldata propio bat ezartzeko asmoa «publikoki defendatzea eta sustatzea», eta alokairu pribatuen prezioari mugatzea

Akordio «zaila»

Elkarrekin Podemos-IUk ere aurkeztu ditu bere proposamenak. Denera, 511 milioi euroko balioa duten inbertsioak proposatu dizkio Jaurlaritzari. Halere, Miren Gorrotxategi eledunak adierazi du akordioa «zaila» dela eta espazio «txikia» sumatu duela negoziatzeko. Izan ere, Azpiazuk ez du «egingarritzat» jo kontuak hainbeste zabaltzea.

Gorrotxategik gaineratu du sailburua ez dela «guztiz prest» azaldu aurrekontuetara mugatzen ez diren proposamenen inguruan hitz egiteko. Jarrera hori kritikatu du, ez duelakoan bat egiten EAJk Madrilen duen jarrerarekin.

EP-IUk osasungintza, hezkuntza eta gizarte politika alorretan jarri du begirada. Osasun arloan, besteak beste, Osakidetzako itxaron zerrendak murrizteko 30 euroko diru sail bat proposatu du, eta beste horrenbesteko bat Osakidetzak bere zerbitzuak zabaltzeko. Azkenik, 90 milioi euro bideratu nahi ditu Bidasoan osasun zentro berri bat eraikitzeko, Durangaldean ospitale bat egiteko eta Onkologikoa bultzatzeko.

Hezkuntza arloan, berriz, Eusko Legebiltzarrean adostutako ituna «betetzea» bermatzeko neurriak ere eskatu ditu; tartean, eremu guztietan eskaintza publiko «nahikoa» bermatzeko ikastetxe berriak eraikitzeko eta beste batzuk publiko egiteko deia egin du. Era berean, 90 milioiko diru sail bat proposatu du eskola publikoa indartzeko plan estrategiko bat sustatzeko.

Finkatuz eta Bilakatuz ordezkatzeko funts publiko berri bat ere eskatu du, enpresa estrategikoetara bideratutako inbertsioa sustatzeko. Konpromiso politikoei dagokionez, berriz, EP-IUk energia berriztagarrien enpresa publiko bat eratzeko eskaera berretsi du, baita energia mota hori sustatzeko plan sektorialak garatzeko ere, eremu babestuetan «azpiegitura erraldoiak» jartzea eragozteko.

Garraio publikoko deskontuak mantentzeko eskatu dio koalizioak Jaurlaritzari, eta tasa turistikoa ezartzeko erraztasunak emateko udalei.

Fiskalitatea

EH Bilduk eta EP-IUk fiskalitatearen gaia ere jarri dute mahai gainean. EH Bilduk «progresibitatean eta aberastasunaren birbanaketan sakontzeko» ezinbestekotzat jo du aldaketa bat, eta eztabaida publiko bat abian jartzeko konpromisoa eskatu dio Jaurlaritzari. EP-IUk, berriz, hartzen diren neurrietan «proportzionaltasuna» lortzeko urratsak eskatu ditu; hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren deflatazioan. Biek, baina, Azpiazuren ezetza jaso dute. Hark argudiatu du ez dela horretarako unea.

Kontrako aldera tiraka heldu dio gaiari PP+Ciudadanos talde parlamentarioak. «Aringarri fiskalak» proposatu ditu Carlos Iturgaiz koalizioko buruak, eta Azpiazuri eskatu dio aztertzeko zenbateko ondorio ekonomikoak izango lituzkeen halako erreforma fiskal batek. Zehazki, Kontzertu Ekonomikoa zergak txikitzeko erabiltzeko deia egin dio. Hori litzateke akordio bat lortzeko bidea, Iturgaizen esanetan, nahiz eta gehitu duen «marra gorririk» gabe negoziatuko dutela. Hortik aurrera, PP+Cs-k ez du sailburuari igorritako proposamenen inguruko xehetasunik eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.