Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida

Txibite: «Gobernu honek hitza bete du»

Nafarroaren egoerari buruzko osoko bilkura berezian, Nafarroako Gobernuko lehendakariak azpimarratu du legealdi hasieran egindako akordio programatikoan jasotako neurrien %89 bete dituela, eta «zailtasunen gainetik» hitza bete dutela.

Maria Txibite, Nafarroako lehendakaria, osoko bilkuran. VILLAR LOPEZ, EFE
joxerra senar
2022ko azaroaren 10a
12:00
Entzun

Foru hauteskundeak egiteko sei hilabete falta diren honetan, foru komunitatearen egoerari buruzko parlamentuko osoko bilkura berezia aukera ona izan ohi da gobernuak eta alderdiek euren posizioak azaltzeko eta unean uneko argazki politikoa ateratzeko. Urtero legez, ikusmina piztu du komunikabideen artean. Gonbidatuen artean izan dira UPNko Alberto Catalan senataria, PSNko Santos Cerdan diputatu eta PSOEko antolamendu idazkaria, eta EH Bilduko Bel Pozueta diputatua eta Joseba Asiron hautetsia.

09:15ean ekin dio bere hitzaldiari Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, eta, ordubete eta 40 minututan, gobernuaren egitasmoen eta planen berri eman du. Hitzaurrean, gogora ekarri nahi izan du pandemiaren eta Ukrainako gerrari lotutako ondorio ekonomikoen legealdia izan dela. Gaineratu du «zailtasun guztien gainetik» pobrezia tasa eta desberdintasun sozial apaleneko lurraldea dela Nafarroa, eta urrian Gizarte Segurantzan afiliazioaren datuak marka guztiak hautsi zituztela, 302.000 pertsona baitzeuden bertan izena emanda.

Ikusi gehiago:Esparza: «PSNk bizkarra eman die bere balioei, Bildurekin ituna egitearren»

Politikoki, gobernua babesten duten alderdiek ez dute gehiengorik, eta, hala ere, Txibiteren arabera, elkarrizketarako eta entzuteko ahalmena erakutsi dute: «Egonkortasunaren eta zentralitatearen argazki horretan, gutxiengoan den gobernua egitasmo gehienak aurrera ateratzeko gai izan da». Hala, nabarmendu du akordio programatikoan jasotako neurrien %89 «bete» direla edo «betetzeko bidean» direla. Era berean, goraipatu du legealdiko hiru aurrekontuak onartu direla eta laugarren onartuko dela, iragan astean EH Bildurekin lortutako akordioari esker.

«Gobernu honek hitza betetzen du, eta lidergoa erakutsi». Hala ere, Txibitek azaldu du lurrak oinean dituztela. «Errealitatean bizi da, eta egunero galderak egiten ditu ikuspegi kritiko batekin». Kezkatuta azaldu da krisi ekonomikoaz. «Hilabete zailak datoz: prezio energetikoak, hipotekak, hornidura kateak, inflazioa… Esku hartzeko tartea apala da. Ezin dugu esku hartu diru politikan, baina gugandik kanpo diren neurrien bidez ondorioei aurre egin diezaiokegu, eraldaketan lagunduz gizarteari, eta Nafarroa lehen mailako lurraldea izan dadin Europan».

Izan ere, haren hitzetan, testuinguru ekonomiko zaila eta pandemia «eraldaketa ekonomikorako aukera gisa» planteatu behar da, eta horren adibide jarri ditu Europako Next Generation funtsak. Orain arte jasotako diruaren %60 inguru erabili da. Nabarmendu du finantzaketa hori egunerokoan eragiten duten jarduera askotara iritsi dela. Asteotan, Espainiako Gobernuak onartutako autogintzaren ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko plan estrategikoari dagokionez, Nafarroako enpresek 58 milioi euro jasoko dituzte, Txibiteren esanetan. Uste du VW eta sektoreko ehun ekonomikoa toki onean daudela mugikortasunaren eredu aldaketa horretan.

Autogobernuaren kasuan, 2001etik lehen aldiz bi eskumen Nafarroara eskualdatu dira: bai espetxeetako osasun zerbitzua, bai eta bizitzeko gutxieneko diru sarreren errentarena ere. Txibitek goraipatu du Hitzarmen Ekonomikoa ere berritu dela, eta merkataritza elektronikoko BEZa eta egungo errealitateari lotutako Tobin eta Googlen zergen bilketa bere gain hartuko duela Nafarroak. Hala ere, onartu du trafikoaren eskumena oraindik ez dela itzuli —Pedro Sanchezek 2019ko maiatzerako egingo zela ziurtatu zion aurreko lehendakari Uxue Barkosi, 2018ko azaroan—. Eskumen horren transferentzia atzeratuz joan da etengabe legealdian, eta orain «legealdia amaitu baino lehen» egingo dela ziurtatu du Txibitek. Halaber, 2020-2024ko eperako ekarpenaren kalkulua hitzartzeko dagoela onartu du, eta hori ere legealdia amaitu baino lehen egitea dutela helburu.

Azpiegituren arloan, Nafarroako Ubidea «estrategikoa» dela iritzi dio, klima aldaketak agerian utzi duelako uraren beharra. Aurten bigarren fasea hasiko dela azpimarratu du, eta espero du Canasa sozietate publikoak 2023 amaierarako bigarren fase horren lizitazio guztia amaitzea. AHTari dagokionez, gaineratu du obrek finantzaketarik handiena jaso dutela aurten: 35 milioi.

Departamenduz departamendu joan da gobernuaren planak eta asmoak xehatuz. «Noski dagoela asko hobetzeko», arrapostu du ordubete eta 40 minutuko diskurtsoaren amaieran. Dena den, haren iritziz, gauza bat da hobetzeko proposamenak egitea, eta bestea «hondamendia iragartzea». Navarra Sumako Javier Esparzaren diskurtsoari aurre hartuz, salatu du errealitateak bizkarra ematen diela «apokalipsiaren iragarleei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.