Helduen euskalduntzea

Agentzia nazional bat sortzea proposatu du Kontseiluak, helduen euskalduntzea koordinatzeko

Euskaraz jakiteko beharra sustatzeko proposamen bat aurkeztu du Gasteizen. Euskaltegien zerbitzua doan izango litzateke, dirua aurreratu beharrik gabe eta tituluren bat lortzeko helbururik gabe. Sektoretik haragoko neurriak ere jasota daude.

Aize Otaño AEK-ko kidea, Joxerra Olano IKA-ko kidea, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia eta Paul Bilbao Euskalgintzan Kontseiluko idazkari nagusia, gaur goizean, Gasteizen. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 11
14:05
Entzun

Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen egitura «egonkor eta iraunkor» bat sortzea proposatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea koordinatuko duena eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoak, Euskaltzaindiak eta herri ekimeneko euskaltegiek osatua. Aize Otaño AEK-ko kideak eta Joxerra Olano IKAkoak aurkeztu dute proposamena, Gasteizen, euskararen jakintza unibertsalizatzeari buruzko jardunaldietan.

Euskaraz jakiteko beharra helduengan sustatzeko proposamen integralago bateko puntuetako bat da agentzia sortzearena. Egungo erronkei eta urteetako gabezia bati erantzun nahi die, Kontseiluaren arabera. Honela arrazoitu du beharra: «Bada, gure ustez, Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia, helduak euskalduntzea estrategikotzat joko duena, alor hori koordinatuko duena, euskal herritar heldu guztiek euskaraz jakitea helburu izan eta horretarako epeak ezarri eta behar adina bitarteko izango duena, aldian aldiko gorabehera politikoen menpe ibiliko ez dena, eta euskalduntzeari, zentzurik zabalenean ulertuta, bultzada atzeraezina emango diona».

Agentzia horrek finantzatuko luke «oso-osorik» helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna, eta «epeak» eta «bidea» finkatuko lituzke, «euskara Euskal Herri osoan bizitzaren alor guztietan nagusi izan dadin». Besteak beste, agentziak bermatuko luke Euskal Herriko herri eta hiri guztietan herritarrei zerbitzua doan emango dieten euskaltegiak izatea. Egungo sistema guztiz aldatuko litzateke, eta herritarrak ez luke dirurik aurreratu beharko zerbitzua jasotzeko. %75eko asistentzia izanez gero, doan jasoko luke ikastaroa. Ez luke ikasmailarik ezinbestean egiaztatu beharrik izango ere.

Egiteko gehiago ere izango lituzke agentziak; hala nola euskal herritarrei euskaraz jakitearen beharra helarazteko hizkuntza politika eraginkorrak eskatzea erakundeei, glotodidaktikan ikertzea, helduen euskalduntzean ari diren irakasleen formakuntza hobetzea eta Euskal Herri osorako baliagarria izango den azterketa batzorde bat sortzea, administrazioan lanean aritzeko hizkuntza eskakizunak finkatuko dituena.

Bi hankaren gainean

Euskalgintzaren Kontseiluak sustatutako Batuz Aldatu adostasunean —ehundik gora eragilek izenpetu dute— zehaztutako helburuetako bat da «euskara eroso erabiltzeko baldintzak sortu eta bermatzea». Hori lortzeko, ordea, aurretik bi baldintza beharrezkoak direla gogorarazi du Kontseiluak: «Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten, eta, bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarrekin lotu beharko dira, hala nahi duen inork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik».

Oinarri horren gainean, ezagutza unibertsalizatzeko eta helduen euskalduntzearen sektoreari begirako hizkuntza politiken nolakotasuna zehaztu dute helduen euskalduntzearen sektorea osatzen duten Kontseiluaren barruko eragileek. Batetik, Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gaindituko lukeen hizkuntza politika koordinatu bat galdegin dute: «Euskal Herri osoan bizitzaren alor guztietan euskara nagusi izatea ipartzat hartuta, hizkuntza politika koordinatu, bateratu eta bakarra behar dugu, erdaldun elebakarrari euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiola argi sentiaraziko diona, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea arnasberrituko dituena, euskaldunon hizkuntza eskubideak lehenbailehen bermatuko dituena». Bestetik, eta hizkuntza politika horren zutabeetako bat ezagutzaren unibertsalizazioa izanik, bi ardatzetan kokatu dituzte etorkizuneko erronkak: «Euskalduntze prozesu osoan euskara ikasteko eskubideari erantzuten dion doakotasuna ezartzea» eta «ezagutzaren beharra sozializatzea».

Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoretik harago ere hartu beharko dira neurriak, haien ustez, eta zerrendatuta daude gaur aurkeztutako dokumentuan. Administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala euskalduntzeko neurriak daude proposamenean, Kontseiluak aurrez alor horietako bakoitzean proposatutako neurrien ildokoak: administrazioko lan deialdietan euskara balioztatzeko merituen sistema amaitu, eta lanpostu guztietan euskarazko gaitasun «egokia» eskatzea; eremu ez-formalean diruz lagundutako eskaintza euskarazkoa izatea; langile guztiei lanorduetan euskara ikasteko eskubidea aitortzea, eta abar.

Etorkizunerako «ardatza»

Helduen euskalduntze alfabetatzea «estrategikoa» da Kontseiluarentzat, eta, dokumentuan jaso duenez, horrek izan behar du datozen hamarkadetan «herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza». Izan ere, horrek ekarriko luke, haren arabera, «herritar guztiek euskaraz jakitea, euskararen erabilera nabarmen areagotzea, euskaltzaletasuna eta euskal kulturaren ezagutza hedatzea eta handitzea, euskal kultur produktuen kontsumoa haztea, euskarazko irakaskuntza Euskal Herri osoan nagusitzea, euskararen aurkako jarrerak neutralizatzea eta hizkuntza politika egokiak egitea erraztea».

Bide hori mailakatua izango dela aitortzen du, hala ere, Kontseiluak. Ulermena «unibertsalizatzea» da lehen urratsa, eta herritarrek euskaraz jakitea jomuga. Bi motibazio mota landu beharra ikusten du Kontseiluak horretara iristeko.«Pragmatikoa» batetik, «norbere garapen pertsonalean eta profesionalean euskara ikasteak edo euskaraz hitz egiteak ekarriko dizkion onurekin» lotutakoak. Horietan politika publikoek zeresan handia dutela nabarmendu du, hala ere. Eta, bestetik, motibazio «afektiboak», komunitatearen pertenentziatik, identitatetik eta euskararekin izandako bizi esperientzia positiboetatik eratortzen direnak. Azken horretarako, beharrezko ikusten du Kontseiluak «hizkuntzaren eta kulturaren arteko hariak egoki jostea» eta «motibazio hori lantzeko etengabeko sentsibilizazio eta komunikazio estrategia egokiak garatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.