Azpiegiturak

Gasteizko tranbia zabaltzeko egitasmoak ika-mika sortu du Urtaranen eta Jaurlaritzaren artean

Tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko Jaurlaritzak landutako informazio azterlanak Gasteizko alkatea haserretu du, udalak aurrez egindako eskariari muzin egin diola iritzita. Urtaranek atzera egiteko eskatu dio Jaurlaritzari.

Gasteizko tranbia. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 11
14:05
Entzun

Ika-mika sortu du Gasteizko tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko egitasmoak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak proposatu duen ibilbideak haserretu egin du Gorka Urtaran alkatea, Gasteizko Udalak egindako eskariari muzin egin diolako. Eusko Jaurlaritzak Gasteizko tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko ondu duen azterlanak piztu du polemika. Hiriaren erdigunea Zabalgana auzoarekin lotzeko Jaurlaritzak proposatu duen ibilbideak 5,8 kilometro ditu, eta 11 geltoki, eta Abendaño, Adriano VI.a eta San Martin kaleetatik igaroko da. Ibilbide hori hasieratik baztertu zuen Gasteizko Udalak, hiria zatitzen zuelako eta herritarrengan eragin handia izango zuelako. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du Gasteizko Udalaren iritzia aintzat hartu proposamena egitean.

Haserre mintzatu da gaur Urtaran: «Gasteizko tranbiaren historian lehen aldia da hura zabaltzeko proposamen bat aurkezten dena udalarekin aldez aurretik adostu gabe. Hiria eta gasteiztarrak aintzat ez hartzea da hori». Hala, proposamena bertan behera uzteko eskatu dio Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuari. «Ez gaude ados proiektuarekin, ez mamian eta formetan. Proposamena bertan behera uzteko eskatzen diogu». Urtaranek gaineratu du Zabalaganeko tranbia proiektua lehentasuna dela udal gobernuarentzat, eta «adostasunez eta hiri plangintza egoki batean oinarrituta» jorratu beharko dela.

Jaurlaritzak proposatutako ibilbidea ez da izan desadostasun bakarra. Tranbia gordeko duen biltegi berria Aretxabaleta auzoan egin nahi du Jaurlaritzak, baina udalak ez du gogoko aukera hori, uste baitu hiriaren hegoaldeko trafiko arazoak areagotu besterik ez duela egingo.

Zabalganeko tranbiaren informazio azterlanari alegazioak aurkezteko epea astelehenean zabalduko da. Aurreikusitakoaren arabera, 2024an hasiko dira lanak, eta 2027an amaitu.

EH Bilduren kritikak

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren azterlana baztertu du, halaber. Rocio Vitero zinegotziak azpimarratu du Zabalganeko tranbia Nazio Batuak kalearen amaieraraino iristeak agerian uzten duela linea hori Jundizko industrialderaino heda daitekeela, «EH Bilduk 2021eko maiatzean proposatu zuen bezala eta gerora gainontzeko instituzioetan defendatu duen bezala». Bestalde, kritikatu du «onartezina» dela tranbien biltokiak Aretxabaletan jartzea. Erabaki horrek presioa areagotu baino ez du egingo hegoaldean, haren iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.