Ehunka bizilagunek salatu dute Iruñean Ezpala tabernaren aurkako erasoa

«Eraso faxista bat» izan dela azpimarratu dute, eta pentsaezina dela egun-argiz horrelako eraso bat gertatzea eta ezer ez gertatzea.

Manifestazio burua. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko azaroaren 12a
07:39
Entzun

Ehunka lagun atera dira kalera ostiral arratsaldean Iruñeko Iturrama auzoan, aste honetan Ezpala tabernan izan den erasoa salatzera. «Eraso faxista bat» izan zela adierazi dute, eta manifestazioaren buruko pankartak Iturramak faxismoari ez zioen. «Ezpala, aurrera» eta «ez, ez, ez, faxismorik ez» oihuak entzun ziren.

Manifestazioaren amaieran erasotzaileen inpunitatea salatu dute deitzaileek, eta argudiatu dute pentsaezina dela burua estalita daramaten 40 faxistak egun-argiz taberna bati eraso egitea eta «ezer ez gertatzea». Aldiz, auzoan egin ohi den edozein herri ekimen Poliziak jazarria, kriminalizatua eta debekatua dela.

Aste honetako erasoa ez dela lehena ere azpimarratu dute, eta tabernan «hainbat sarekada» izan direla, «kikiltzeko». «Herri mugimenduaren aurka, Polizia. Eta faxismoaren aurka, auzo antolatu bat», adierazi dute. Horrelako erasoen aurka sendo erantzungo dutela ere gaineratu dute.

Ikusi gehiago:Jendetza elkartu da Iturramako auzo batzarrean, Ezpala tabernako erasoa gaitzesteko

Manifestariek elkartasuna adierazi diete Ezpalako langileei eta eraso egin zietenei. Manifestazioaren amaieran horietako hainbat tabernara joan ziren, berriro ireki baitute. Asteartean egin zioten erasoa Ezpala tabernari. Burua estalia zeramaten hainbat lagun tabernara sartu, eta txikitu egin zuten. Han zeuden lau laguni ere egin zioten eraso.

Egun horretan Osasuna-Bartzelona gizonezkoen futbol partida jokatu zen, eta erasoa Bartzelonako ultrek egin zutela uste da. Ezpala taberna Indar Gorriko kideen ohiko bilgune da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.